Arte Ederren ondarea jaso dute dokumental batean
Ancora elkarteak ‘Bellas Artes: El Palacio del Cine en San Sebastian’ lana osatu du Erdialdeko eraikinaren balio historikoa nabarmentzeko. Udal gobernuak ez du parte hartu nahi izan dokumentalean.
Donostiako zinemaren jauregia da Arte Ederren eraikina. Hura babesteko sortu zuten 2013an Ancora ondarearen babeserako elkartea, eta ordutik hiriko beste hainbat eraikinen aldeko defentsa egiten ari dira. Dena dela, Arte Ederren eraikina dute oinarri, eta, horregatik, dokumental bat eskaini diote. Hilaren 4an estreinatu zuten San Telmo Museoan, eta hilaren 11n Koldo Mitxelenan proiektatu zuten. «Euskadiko Arkitektura Institutuan estreinatu nahi genuen, baina ez da posible izan, leku faltagatik», azaldu du Ancorak.
Mugak arkitektura biurtekoaren testuinguruan sortu zitzaien dokumentala egiteko ideia. «Eraikina modu ikusgarri eta erakargarri batean azaltzea zen gure helburua, duen garrantzia kultural eta historikoa nabarmentzeko», adierazi du Ancorak. «Hirian presentzia duen eraikina izanik ere, monumentu ikuspegitik duen balioa ezezaguna da».
Dokumentalak 65 minutuko iraupena du, eta Frangoak ekoiztetxeak egin du, Ancoraren gidaritzapean. Dokumentazioaz Alberto Fernandez D’Arlas eta Eneko Oronoz Ancorako kideak arduratu dira. Ikerketa sakon bat egin zuten artxibo asko kontsultatuz, eta bereziki bi nabarmendu dituzte: Frantziako Arkitektura Institutuan dagoen Hennebique funtsa eta Ramon Kortazar arkitektoaren artxibo pertsonala. Hain zuzen, Kortazarrek hirian proiektaturiko eraikin asko errepasatu dituzte lanean.
Luxuzko gonbidatuak
Hiriko eraikin batzuen irudiak eta hainbat adituri egindako elkarrizketak ageri dira dokumentalean. Besteak beste, Jose Laborda, Juan Mari Etxeberria eta Fernando Espinosa de los Monteros arkitektoak, Montserrat Fornells Artearen Historian doktorea eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria. Horrez gain, udal talde guztiek parte hartu dute lanean bik izan ezik; udal gobernua osatzen duten EAJk eta PSE-EEk. «Uko egin zioten gure proposamenari», dio Ancorak.