"Azken hamabost urtetako murrizketak basatiak izan dira"
Maria Miguez erretiratutako erizaina da. 40 urte inguru egin ditu erizain gisa lanean, eta duela bi urte erretiratu zen 65 urterekin. Orain, Atano III.a pilotalekuan ari da lanean, txertoak jartzen. Osasun sistemaren egoera aztertu dugu berarekin.
Ibilbide luzea egin du Maria Miguezek erizan moduan. Pasaian jaiotakoa da, eta ospitalean lanean ari zela urtebeterako Zaldibira joatea erabaki zuen. Azkenean, 31 urte egin zituen han; herriko erizain bakarra izan zen. Horrez gain, Kuban eta Nikaraguan ere aritu da erizain lanetan.
Pandemia hasieran, Miguezek Osakidetzan erizainak behar zirela ikusita, berriz ere lanean hasteko izena eman zuen, baina ez zuen deirik jaso. Omikron aldaera azaldu, eta baja hartu duten langile kopuruaren ondorioz, berriz eman zuen izena. “Nik banekien egoera benetan latza zela, langile askok oporrei uko egin diete eta lan asko egiten ari dira. Egoera ikusita, argi izan nuen bertan izango nintzela”, dio Miguezek.
Urtarrilaren 4ean hasi zen, eta “gelditu gabe” ari da geroztik. “Ni erizaina naiz, eta hil arte izango naiz”, azaldu du Miguezek.
Lanera itzultzeak urduritasuna sortu zion hasiera batean, baina uniformea jantzi eta berehala gogoz hasi zen lanean. Gaur egun, hamabi bat erretiratu daude Atano III.a pilotalekuan. Hasieran, erizain gazteak aritzen ziren txertoak jartzen, orain, ordea, berriro ospitale eta anbulatoriotara bideratzen hasi dira. Miguez pozik dago hori ikusita, hori baizen haien helburua, erizain gazteak “lan normalak” egiten aritzea.
Hain justu, pandemia hasi aurretik erretiratu zen Miguez, eta pandemia betean itzuli da lanera. Adierazi duenez, “egoera oso latza da”, baina “hori ez da berria”. “Bistan da azken hamabost urteotan egin diren murrizketak basatiak izan direla”, nabarmendu du. “Duela hamabi bat urte, erizain bakoitzak laneko kupo bat zuen. Egoerak okerrera egin du, eta gaur egun, erizain batek kupo bikoitza izatea ez da batere arraroa”. Erizainek askoz ere lan gehiago eta paziente gehiago dituztela dio.
“Gure lana ez da urgentziak artatzea, gure lana jarraipenak egitea da, eta pazienteen egoera eta gaixotasunak kontrolpean izatea”, gogorarazi du. Izan ere, ospitalean izan diren gaixoek etxera itzultzean, hasieran behintzat, erizainen arreta egunero jaso behar dute etxean, gauza ugari daudelako kontuan hartzeko: dietak, egin beharreko mugimenduak, tratamenduak… Horregatik, pazientearen eta bere inguruaren egoeraren berri izan behar dute erizainek, jarraipen bat egin ahal izateko.
Gaur egun, ordea, hori egiteko denborarik ez dutela dio Miguezek. Finean, lehen arretan hutsune handia dagoela uste du: “Lehen arreta oinarrizko kontua da, eta duela urte batzuk hori puskatzen hasi ziren”.
“Borondatea falta da”
Koronabirusa azaldu aurretik datorren egoera bat dela dio Miguezek. Esaterako, neguan urtero, gripearen ondorioz osasun sistema kolapsatu egiten zela gogorarazi du.
Ez du egoera aldatzeko borondaterik ikusten. Bere iritziz, helburuak zehaztu beharko lirateke, eta pixkanaka norabide horretan pausoak eman, bidea eginez. “Bi urte daramagu pandemian, eta bada garaia plaza gehiago ateratzeko eta beste irtenbide batzuk bilatzeko. Ez dago aitzakiarik, borondatea falta da”. Sistema berrantolatzeko beharra dagoela argi du. Miguezen ustez, gizartearen aldetik ere, hainbat egoera normalizatu egin dira. Besteak beste, “ospitaleetako larrialdietan normala da bost ordu itxaroten egon behar izatea”, “osasun sistema pribatizatzen ari dira”, “osasun mentala abandonatua dago” eta “lehen arreta paralizatua egon da denbora luzez”.
Gizartearen atomizazioaz hitz egiten du egoera azaltzeko: “Pazienteei bakardadean sufritzea tokatzen zaie, eta horrek jendea elkartzea eta gauzak exijitzea asko zailtzen du”.
Osasun langileen meritua
Osakidetzako langileek “urrea balio” dutela dio Miguezek: “Zein jende ona den eta zer borondate ona duten”. Egoerak, ordea, jendea “erre” du, eta “etsita” ikusten ditu inguruko lankideak: “Horrek sekulako pena eman dit eta tristura sentitu nuen egoera horretan erretiratzeagatik”. Erizain asko etengabe ari dira lekuz eta espezialitatez aldatzen, aldi baterako langileak baitira. “Suminduta daude, eta ilusioa galtzen da horrela. Langileak gaziki tratatzen ari dira”.
Horrez gain, egoerari aurre egiten ari dira, eta profesionalei esker dela nabarmendu du: “Zuzendarien lan desegokiaz gain, langileek aurrera egitea lortu dute eta horretan jarraituko dute”.
“Honek ez du onera egingo, eta nire beldurra da ez ote den hau aitzakia bat izango okerrera jarraitzeko”. Miguezen ustez, herriak osasun sistemaren gaineko “kontrol gehiago” izan beharko luke. “Sindikatuek eta gizarte eragileek ahotsa izan beharko lukete”.