Behin eta berriz: ‘Paisaiaren moldeatzaileak’ Artikutza eraldatzen
Gabon zuriak izan ordez, Artikutzan, beste behin, beltzak izan dira nahita eragindako suteak direla eta. Larreak aitzaki, inguruko ganaduzale batzuk jaun eta jabe dabiltza naturagunearen kontserbazioaren kaltetan. Noiz arte?
Iazko bukaeran eta aurtengo hasieran, bi sute piztu dituzte Artikutzan. Ez dugu esaten izan direla, nahita eraginda baitira, zoritxarrez, gehiegitan errepikatzen den egoera jasanezinean. Antzinatik, neolitikotik alegia, erabili izan da sua laborantzarako lurrak edo aziendarentzako larreak lortzeko, egun Amazonian gertatzen den antzera. Eta, garaiotan, oraindik, jarduera hori Nafarroako Gobernuak baimendu dezake, baldintza batzuk betetzen badira. Jarduerarekin ados egon ala ez, baimendutako erreketa kontrolatu horiek ezin dira, inolaz ere, parekatu aipaturiko kontrolik gabeko mendiko suteekin eta azken hauek dakartzaten arrisku eta inpaktu negatiboekin.
Nafarroan baimendutako erreketen helburu nagusia abeltzaintzari begirako larreen sorrera da. Pentsa liteke basoko suteen arrazoi nagusia zoritxarra dela, baldintza klimatikoak direla (lehorteak, haizea, tenperatura altuak eta tximistak pizgarri gisara) edo ezezaguna den zerbaitek eragiten dituela. Aitzitik, sute gehienen jatorrian ez dago arduragabekeria eta zioak aski ezagunak dira. Suteen %95etik gora giza jardueraren ondorio dira, eta horietatik, bakar batzuk istripuen edo arduragabekerien ondorio zuzena dira. Baimendutako erreketetan kontrola galtzen delako, esaterako, edo ezarritako baldintzak errespetatzen ez direlako. Gehienak, berriz, nahita eragindakoak dira; alegia, norbaitek, interes jakin batzuk tarteko, pizten ditu. Artikutzan gertatu ohi diren gehienak horien artean koka litezke, eta esan daiteke ezkutuko asmoa badagoela kasu guztietan. Hasieran aipaturiko biak azaldutakoaren adibide garbiak dira.
Baina, zeinek erretzen ditu mendiak? Bada, suarekin onurak bilatzen dituzten pertsonek pizten dituzte suak. Sastrakak (sasiak, oteak, txilarrak…) txikitzeko eta horrela larre eremuak handitzeko tresna gisa erabili ohi da sua. Epe motzean, jarduera horrek onurak ekartzen ditu, baina batzuentzat bakarrik; ganaduzaleentzat, hain zuzen ere. Baina, ekosistemetan eta lurreko egituran eragindako kalteak ez dira aintzat hartzen. Hona hemen suak sortzen dituen kalteetako batzuk: faunaren eta floraren galera –askotan, espezie mehatxatuak zuzenean ez baditu akabatzen, haien bizilekua suntsitzen du–, oreka ekologikoa ezerezten du, lurreko egitura desegiten du, azaleko uren agerpena areagotuz du eta lur galera ikaragarriak sortuz eta klima aldaketa eragiten dituzten gasen isuria da, CO2 ugari atmosferara doa eta.
Horiek adibideak baino ez dira. Hala ere, gorago aipatu dugun moduan, praktika hauek zenbait lekutan onartzen dira, betiere zorrozki bete behar diren baldintza jakin batzuk ezarrita. Horrela, esaterako, baimendu litezkeen erreketak arautzeko Nafarroako Foru Aginduak zera adierazten du: «Soilik erre liteke baso administrazioak emandako baimena izanez gero; erreketa horiek egin ahal izateko, ordutegi zehatza errespetatu behar dute, erre aurretik zonaldeko suhiltzaileei abisua eman behar zaie eta soilik erreko da baldintza klimatikoak egokiak badira».
Artikutzak aspalditik babesa bazuen ere, 2015ean Europa mailako Babes Bereziko Eremua (BBE) izendatu zuten (abenduaren 2ko 264/2015ko Foru Dekretua). Geroxeago, BBE horretarako kudeaketa plana onartu zen. Plan horren barruan, zenbait natur balio babesteko beharra aipatzen da. Horien artean, txilardi kantauriarrak eta sastrakadiak daude, mendiko larreak eta basoaren arteko lotune gisa eta eremu irekien artean ekotono funtzioa osatzen dutelako. Baina, aipaturiko balio ukaezinez gainera, Natur Eremuen Nafarroako Foru Legeak berak babestutako eremu barruan landaredia erretzea propio debekatzen du.
Artikutzan piztutako suek edo, hobeto esanda, su horiek piztu zutenek ez zuten legedia errespetatu. Eta, ildo horren harira, zenbait iruzkin eman nahi ditugu: suak pizteko datak ondo aukeratuta zeuden, Urtezahar egunean, arratsaldez, eta urte hasieran. Izan ere, egun horietan badakigu zaintza gutxiago dagoela, oporrak direla eta. Baldintza klimatikoak ere suaren aldekoak ziren, hego haizeak jotzen baitzuen, eta bi aste baitzeraman euririk bota gabe, ondorioz, landaredia lehor-lehor egonik.
Etxalde zaleak Artikutzan hango jabeak izango balira bezala ibiltzen dira. Donostiako Udalak, Ingurumen sailak hain zuzen ere, eta azienda jabeek akordio bat hitzartu zuten. Bertan ganadua nola antolatu eta kontrolatu behar zen aipatzen zen. Itun hori, ordea, paper bustia dela dirudi, ganaduzaleek ez baitute betetzen. Azienda kontrolik gabe ibiltzen da finka osoan, zegozkien goiko larreetan nahiz debekatuta zuten basoaren barruan, birsortzea eragotziz edo kaltetuz.
Haien zilborrari begira, gero eta eremu zabalagoak nahi dituzte. Ez dute kontuan hartzen sastrakadi horiek babestuta daudela, eta haietan, gainera, babesturiko espezieak ere hazten direla, gorostia kasu.
Noiz arte jasan behar dugu ganaduzale batzuen diktadura? Aldundiak eta Donostiako Udalak zer neurri mota hartuko dituzte horrelako ekintzak saihesteko? Noizko aziendaren benetako kontrola?