Ibaeta Basketek sailkapenean gora egiten jarraitu nahi du
Euskal derbia jokatuko dute igandean Ibaeta Basketek eta Gernikak, Gasca kiroldegian. Azken bi neurketak irabazita, kopan aritzeko aukera eskuratu du Donostiako taldeak. Ligan, berriz, azken neurketetan izandako sentsazio eta emaitza onei jarraipena eman nahiko diete. Sailkapenean atzetik dauden arren, Azu Muguruza entrenatzaileak aurreratu du Gernikaren kontrako partida zaila izango dela.
Eskubaloian, Bera Bera lehiara itzuliko da, COVID-19ak eragindako galera gaindituta. Aurreko partida atzeratu behar izan zuten. Morvedreren kontra jokatuko dute bihar. Sailkapenaren buruari eusteko garaipena behar dute.
Futbolean, Realeko mutilek soilik jokatuko dute asteburuan. Igandean izango da, Anoetan, Getaferen aurka. Kopako final-laurdenetarako sailkatuta, txuri-urdinek ligan ere irabazi behar dute goiko postuetan egonkortzeko. Oraindik goiz da kopako hitzorduari begira jartzeko. Otsailaren 3an jokatuko dute Anoetan Betisen kontra. Aurrez, Getaferen kontrakoa izango dute. Madrilgo taldeak garaipen garrantzitsua eskuratu zuen azken jardunaldian, eta, beraz, arerio gaiztoa izango da.
Azkenik, izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek denboraldiko lehen porrota ahazteko aukera izango dute bihar Valkyriasen aurka. Mutilek, berriz, bizi duten aro irregularra gainditzeko neurketa jokatuko dute bihar gauean. Etxean hartuko dute Majadahonda.
PARTIDAK:
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 18. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Gernika (igandea, 12:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 12. jardunaldia
- Morvedre – Bera Bera (larunbata, 19:30)
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 22. jardunaldia
- Reala – Getafe (igandea, 18:30)
Izotz Hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 12. jardunaldia
- Txuri Urdin – Valkyrias (larunbata, 14:30)
Gizonezkoen lehen maila, 17. jardunaldia
- Txuri Urdin – Majadahonda (larunbata, 21:00)