'Ilargirantz' filma Donostiara iritsi da, Zinema Euskaraz programarekin
Ali Samadi Ahadi zinemagile alemaniarraren ‘Ilargirantz’ filma Hego Euskal Herriko zinema aretoetan proiektatuko dute, Zinema Euskaraz programaren barruan.
Zinema Euskaraz programa gaur abiatuko da, Hego Euskal Herriko zinema areto nagusietan Ilargirantz filma proiektatuz. Donostian, Principe zinema aretoan eskainiko dute filma.
Zineuskadik sustatuta, Zinema Euskaraz programak aurten estreinatuko duen lehenengo filma da. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoa berresten jarraitu nahi du programak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak antolatu du, haur eta gazteei zuzendutako filmen bikoizketa bultzatzeko eta zinemagintzan euskara sustatzeko helburuarekin. Era berean, Zinema Euskaraz programak zinema aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko xedea du, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.
Marrazki bizidunetako filma da, eta honakoa da sinopsia, laburtuta: “Bahitutako bere arreba txiki Anne erreskatatzeko, Peterrek bidaia magiko bati ekin beharko dio lurralde misteriotsu batean barrena… Ilargia! Bertako gizon gaiztoak bahitu du Anne, honek bere lagun kakarraldoari, Zoomzeman jaunari, emaztea bilatzen laguntzen ari zitzaionean. Bere fantasiazko abenturan, Larre izartsuan lurreratuko da Peter, eta ‘lo dagoen’ Hareaztatzaile jauna ezagutuko du. Bertan jakingo du Anne non dagoen aurkitzeko modu bakarra Gaueko Maitagarriaren afarira joatea dela”.