Industrializazioaren eta bankuen hondarretan kultura eraikitzen
Mundaiz kalean, behinola Azpilicueta upategia izandako eraikinean, AZPI elkarteak bere ateak ireki zituen 2016an. Arkitekto, zinemagile, artista eta kultura munduko profesionalez osatu zuten elkartea: ‘coworking’, erakusketa eta sormen espazio moduan. Proiektua fase berri batean sartu da, eta Grosera egin dute salto.
Ospatzen ez dena ez da existitzen. Edo bestela esanda, errituak beharrezkoak dira, gure inguruan gertatzen denaz jabetu, kontzientzia hartu, eta hobe ulertzeko. AZPI elkartekoek, lokal aldaketa egiteko paseotxoa egin zuten joan den astean, coworking-eko egurrezko mahai erraldoia Aste Santuko prozesio gisara eramanez, Grosen alokatu berri duten lokalera.
Mundaiz ibilbidean eman dituzte bost urte, Vinos Azpilicueta enpresarena zen eraikinean. Hormigoizko eraikinari bizitza eman eta ekitaldi kulturaletarako erabiltzen hasi ziren. Fase bat amaitu dutelakoan, ordea, lokal berri bat alokatu du elkarteak Groseko Zabaleta kalean, Katalunia plazaren altueran, Santander banketxearenak ziren bulego batzuetan. “Industrializazioaren hondarretan hasi ginen eta orain bankuen eta finantza munduaren hondarretara goaz” dio Jonander Agirre arkitektoak eta AZPIko kideak (Gros, 1988).
Etxe aldaketa
Etxe aldaketak ez dira inoiz samurrak izaten, eta AZPIn ere buru belarri ari dira azken asteotan. Mundaizko lokalean harrapatu ditugu, mahaia nola mugitu eztabaidatzen, lokal berrian egin beharreko lanak adosten. Ibili denak badaki eta, auzolanak ez direla izaten nahiko genukeenak bezain jendetsuak.
“Lan asko” dutela onartu du Agirrek, baina gogotsu ari dira eraldaketa honetan, proiektuak asko irabaziko duelakoan: “Azken finean, Mundaizen oso ondo egon garen arren, eraikinak asko mugatu gaitu”. Hormigoizko paretek dakarten hotza aipatzen dute aho batez, hezetasunarekin batera. “Pena ere bada –aitortzen du Agirrek– leku honek oso gauza onak dituelako: oso zentrikoa da, garraio publikoan etor zaitezke edozein tokitatik, Tabakalera ondoan dugu eta bertan egiten ditugu jarduera ugari”. Baina argi ikusten du aldaketa “hoberako” izango dela, “hazteko” aukera delakoan.
Egitasmo kulturalak
Taldeko Iñigo Benito Molinero (Markina-Xemein, 1987) batu da elkarrizketara. Auzo berriak, Grosek alegia, AZPIren bilakaeran eragin handia izango duela uste du: “Auzoarekin zein harreman dauden eta guk gure lanetik zein eraikitzen ditugun. Horrek definituko du gure erakusketa eta proiektuen norabidea”.
Izan ere, AZPI kultur elkartea, lanerako espazioa izateaz gain, egitasmo kulturalak aurrera eramateko espazioa da. Agirreren hitzetan, “coworking-a ezin da ulertu lan indibidual soil baten moduan. Guk ulertzen dugu lan hori kolektiboki egiten denean beste dimentsio bat hartzen duela”. Norabide horretan, “harremanetan sakontzen da, eta elkarrekintza horrek badu eragin kultural eta politikoa”.
ATEAk eta Atera
Molinerok kontatu duenez, “ibilbide ezberdineko jendea batzerakoan, espazio berriak sortzen dira, eta hori da guk antolatzen ditugun ekimenek eta erakundeek egiten dutenaren arteko aldea. Salerosketa logika hori ez dago hemen”.
Zerbait antolatu nahi dutenean, “taldea batu, eta ideiak ateratzen doaz. Diseinatzaile batek, adibidez, aulkiei buruzko zerbait antolatu nahi zuen, eta ATEAren laugarren ekitaldi horren inguruan izan zen: nueve modos de sentarse“. Oroitu duenez, “bosgarrena ere honela izan zen, autoedizioaren ingurukoa”.
Ekitaldi hau izan zen berezienetako bat, ‘Atera’ izenburupean joan den martxoan antolatu zuten fanzine, artista-liburu eta autoedizio azoka. Gehienetan AZPIn bertan aurkezten den arren, auzoan barreiatu ziren egun hartan: Egiako komertzio eta tabernak, tatuaje denda eta supermerkatuak, hamasei espazio guztira, argitalpenez eta horien egileez betez.
Erakusketa horretan, 40 egilek eta argitaletxek baino gehiagok hartu zuten parte. AZPIko espazioa bera liburu-denda bilakatu zen, jardunaldirako sortutako diseinuzko mahai eta altzarietan ehunka argitalpen jarri baitzituzten salgai.
Ate berria Grosen
Groseko eraikin berriak aukera berriak emango dizkio taldeari. Oraindik atondu gabe dauden arren, hiru solairuko lokal ederra ari baitira konpontzen.
Hamahiru bazkide dira orain proiektuan, baina uste dute aldaketa honek taldera bazkide berriak gehituko dituela, inguruko eragileekin elkarlanak sustatzen dituzten bitartean. Azken finean, kulturan lan egiten dutenen egoera prekarioari aurre egiteko espazioak sortzean datza eraldaketak. Ikusgarritasunaz gain, babesa eskaintzen duelako teilatu beraren azpian arraun egiteak.