Jakintzako bi mutil kantineraz atera dira haur danborradan, lehenengo aldiz
San Sebastian eguna historikoa izan da aurten, arrazoi askorengatik: ez da bandera igoerarik eta jaitsierarik izan Konstituzio plazan, helduen danborradak ez dira kalera atera eta haur danborrada bost gunetan banatu dute, Alderdi Ederren egin ordez. Ordea, beste arrazoi batengatik ere historikoa izan da, haur danborradan bi mutil kantineraz atera baitziren atzo, lehenengo aldiz. Jakintza Ikastola izan da pausoa eman duena.
Historikoki, neskak izan dira kantinerarena egin izan dutenak, baina Jakintzako bi mutil horiek naturaltasunez desfilatu zuten atzo Antiguako kaleetatik, kantineraz jantzita. Hedabide hau Antiguako haur danborradan izan zen atzo, eta irudi bilduma osatu zuen.