Kaldereroak eta inude eta artzainak otsailaren 19tik 20ra ospatzea proposatu du udalak
San Sebastian jaiaren ondoren, Donostiako Udalak Kaldereroen eta inude eta artzainen jaiak prestatzeari ekin dio. Bi jai hauek egiteko aurreikusita zeuden datak otsailaren 5a eta 6a ziren. Donostiako Udalak eta Donostiako Festakek erabakita dute jaiekin aurrera egitea, baina konpartsei proposatu diete bi aste atzeratzea, hain zuzen ere, otsailaren 19tik eta 20ra.
Kultura zinegotzi Jon Insaustik adierazi du helburua dela bi jaiak egitea ahalik eta egoera onenean. Horiek horrela, Donostiako Festakek uste du, bi jaiak bi astez atzeratzen badira, eta inauteriak baino lehen egiten badira, positiboa izan daitekeela.
Kaldereroak
Horrenbestez, Kaldereroak otsailaren 19an, larunbatean, egingo lirateke, goizez edo arratsaldez, eta 21:30ak baino lehen amaituta. Desfileek 1,5 eta 2 ordu arteko iraupena izango lukete, ez litzateke kanpamendurik egongo, eta abesteko geldiuneak abesti bateko iraupena izango lukete (3-5 minutu).
Konpartsak tribu ezberdinek eta txarangak osatuko dituzte, eta Erreginen gurdia ere joan ahalko da. Konpartsetako kide guztiek musukoa eraman beharko dute, eta kideen arteko zein publikoarekiko distantzia mantentzen saiatuko dira. Era berean, ibilbideak aztertuko dira kale zabaletatik joateko, jende pilaketak ekiditeko.
Inude eta artzainak
Bestalde, Donostiako Festakek proposatu du inude eta artzainen konpartsak otsailaren 20an egitea ohiko ordutegian. Desfile ezberdinek 1,5 eta 2 ordu arteko iraupena izango lukete. Konpartsako kide guztiek musukoa eraman beharko dute, eta kideen arteko zein publikoarekiko distantzia mantentzen saiatuko dira. Kaldereroen ibilbideekin bezala, inude eta artzainen ibilbideak ere kale zabaletatik egiten saiatuko dira, publikoaren aglomerazioa ekiditeko