Ontzien eraikuntzan izandako aldaketaren inguruko hausnarketa
Donostiako Aquariumak Zura eta Ura proiektuaren erakusketa inauguratu du. Artea, literatura, tradizioa eta nortasuna uztartzen ditu. Euskal Herriko arrantza portuetan zuraren ordez material sintetikoa erabiltzeak eragin duen “nortasun galeraren” inguruko hausnarketa da. Era berean, erakusketak Gipuzkoako eta Bizkaiko Erriberako azken arotzak omendu nahi ditu.
“Ontzien eraikuntzan, zuraren ordez beste material batzuk erabiltzearen ondorio nagusiak bi dira: kolorea eta nortasuna galtzea, eta ibaiertzeko arotzeriaren sektorea desagertzea. Portuetako polikromia desagertzearen ondorioz, arrantza portuek berezkoak zituzten ikusmen-aberastasuna eta berezitasuna murriztu egin dira; izan ere, leku bereizgarriak eta gomutagarriak dira munduko hainbat lekutan. Euskadiko arrantza portuetan, urdina, gorria eta berdea izan dira historikoki kolore nagusiak. Koloreen konbinazio hori, nolabait, bizitza ulertzeko modu baten isla da, denboran zehar sendotuz joan dena nortasun adierazpen izan arte, eta, hain zuzen ere, identitate horren galera islatu nahi du erakusketak”, azaldu dute.
Proiektuak erakusketa ibiltari bat eta argitalpen bat ditu, eta gaur egin dute bien aurkezpena. Erakusketa hainbat argazkik osatzen dute, artistikoak eta dokumentalak, eta egurrezko, burdinazko eta harrizko ehunduren kolorea irudikatzen dute. Argazki horiek guztiak Konrado Mugertza artistak egin ditu. Saiakera labur batzuk eta ibilbide handiko egileen literatura testuak ere baditu. Horietako batzuk dira Leire Bilbao, Unai Elorriaga, Itxaro Borda, Kirmen Uribe, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Miren Agur Meabe eta Jokin de Pedro. Era berean, parte hartu dute Jesus Mari Lazkano artista plastikoak, Humberto Astibia irakasleak eta Felipe Murelaga Lekeitioko erriberako arotz eta irakasleak. Bestalde, erakusketan ikusgai dauden irudi eta testu guztiak biltzen ditu argitalpenak. Liburuan, testu nagusiak euskaraz daude garatuta, eta, ondoren, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko itzulpenak ageri dira.