Zer lan egin dute Donostiako emakumeek euskararen transmisioan?
Bagera elkarteak emakumeentzako tailer bat egingo du otsailaren 25ean eta 26an, San Telmo Museoko hezkuntza gelan: Euskara eta feminismoa: Zer lan egin dute Donostiako emakumeek euskararen transmisioan? Emakumeen eta hizkuntzaren arteko elkargunea lantzeko tailerra izango da, eta Eider Perezek gidatuko du.
Hainbat galdera plazaratu ditu Bagerak: “Euskarak zabalkundea izan duenetan emakumeen presentziarekin egin du topo; Donostian hala izan da? Emakumeena omen da ‘ama-hizkuntza’ eta gizonezkoena ‘hitza’, zergatik? Zer egin dute emakumeek Donostian euskararen alde? Nondik eta nola jardun dira horretan? Non gurutzatzen dira hizkuntza eta feminismoa? Non euskara eta emakume identitatea? Zein erreferente ezagutzen ditugu eta zenbat dira? Gehiago badakizkigu? Sormenaren kulturan eta Euskal Kulturan non eta nondik ibili gara historikoki? Eta orain non gaudela sentitzen dugu?”.
Tailerraren helburuak bi dira. Batetik, hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan Donostiako emakumeek eginiko lana aitortu eta erreferenteak ikustarazteko. Eta bestetik, hizkuntza ez hegemonikoen eta feminismoaren arteko harremanari buruz hausnartzeko. Tailerreko kideen parte-hartzean oinarritutako tailerra izango da; bertaratuek hitz egiteko eta elkarri entzuteko aukera izango dute. Horrez gain, gorputzean arreta jarri eta gorputzaren memoria esnatzeko eta aktibatzeko hainbat jolas eta ariketa proposatuko dira.
Bi ordu eta laurdeneko bi saioko tailerra izango da. Otsailaren 25ekoa 18:00etatik 20:15era, eta otsailaren 26koa 10:00etatik 12:15era. Izena helbide honetan eman behar da, eta edukiera mugatua izango dela esan dute antolatzaileek. 15 euro balio ditu, 12 euro Bagerakideentzat eta gazteentzat.


