Easo kaleko atari baten etorkizunarekin "kezkatuta" agertu da Ancora
Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak salatu du Easo kaleko 47. zenbakiko atarian esku hartze bat egingo dutela, bere estilo modernista kaltetuz. “Etxe horretan ezkutatzen da estilo modernistako Donostiako ataririk baliotsuenetako bat. Egun gutxi gelditzen zaizkio, irisgarritasuna hobetzeko esku hartze bat egingo baitute”, azaldu du Ancorak.
Elkarteak kritikatu duenez, “erreforma eskailera kentzean datza, bere forma ahur eta ganbilen joko uhintsuarekin, eta jatorrizko zoladura osoa erabat suntsitzea ere suposatzen du. Marmolezko zoru gorria eta zuria desagertuko da, baita bigarren ataleko baldosa hidraulikoa ere. Era berean, metalezko helduleku oso finak kentzea aurreikusten da, coup de fouet motiboa barneratzen dutenak, Art Nouveau-ean ohikoa”.
Ataria jatorrizko diseinuaren eta dekorazioaren egoera onarengatik da “nabarmentzekoa”, Ancoraren arabera. Ordea, ez dago babestuta, “udalak Ancoraren alegazioa baztertu zuelako”. Hala ere, azaldu dutenez, udalak oraindik ez du lanekin hasteko baimena eman, eta horregatik, udalera idaztera animatu dituzte herritarrak, atariaren kontserbazioa eskatuz.
“Espero dugu Hirigintza sailak, jabeekin eta erreforma hau zuzentzen duen arkitektoarekin elkarlanean, irtenbide egoki bat aurkitzea, ahalik eta eragin txikiena izango duena”, gaineratu du Ancorak.