EH Bilduk eskatu du Ondarretako aterpetxea irekitzeko irizpideak aldatzea
Donostiako Hiritarron Harrera Sareak egindako eskaerarekin bat egin du EH Bildu udal taldeak. Hain zuzen ere, La Sirena aterpetxea martxoa bukaera bitarte irekita egotea eskatu dute, “hara joaten diren pertsonekin lan integrala egin ahal izateko”. Behar diren baliabide pertsonalak bideratzeko eskatu diote udal gobernuari.
“Gogora dezagun konfirmamendu garaian frogatu zela udala gai dela lan hori bera gain hartzeko, gauero etxerik gabeko 100 pertsonak baino gehiagok pasatu baitzuten gaua bertan. Eta gogoratu behar da, era berean, Arartekoak zerbitzu hori ematen jarraitzea gomendatu zuela konfinamendua igaro ondoren, zerbitzu horrek pertsona horien bizitzan eta gizartean sortu zuen onura argudiatuz”, azaldu du EH Bilduko zinegotzi Olaia Duartek.
Etxegabe gehiago
Donostiako kaleetan gero eta etxerik gabeko jende gehiago dagoela ohartarazi du Duartek: “Edonork ikus dezake eta Eusko Jaurlaritzak egindako azterketen eta pobrezia inkestek baieztatzen duen bezala. Udal gobernuak berak zenbait txostenetan onartu du gero eta pertsona gehiago daudela kalean, eta jantoki sozial pribatuetako plazak itxi eta murriztu direla”. Egoera horri aurre egiteko udalak dituen baliabideak “ez dira nahikoak” EH Bilduko zinegotziaren ustez. “Gainera, erroldatu gabeko pertsonek edo egoera administratibo irregularrean daudenek ezin dituzte zerbitzu hauek erabili”.
Udalak hainbat baliabide ditu etxerik gabeko pertsonentzat, genero indarkeriaren biktimentzat eta egoera zaurgarrian dauden familientzat zein pertsonentzat: 54 plaza daude harrera gune iraunkorrean, 22 gaueko aterpean, 21 tutoretzapeko etxebizitzetan eta 84 harrera etxebizitzetan. Zerbitzu horiez gain, udalak Ondarretako La Sirena aterpetxea du etxerik gabekoen eskura jartzen duena. Hori bai, gauez irekitzeko tenperatura zero gradutik beherakoa izan behar da edo kostaldean izozteak izateko arriskua.
Hilaren 14an, 100 pertsona hartzeko gaitasuna zuen errekurtso hori ireki egin zuen udalak, “herritarren eta eragile sozialen salaketa ugarien ondoren, nahiz eta irekiera protokoloak eskatzen dituen muturreko hotz baldintzak betetzen ez ziren”. 14, 15, 16 eta 17ko gauetan 57 pertsona joan ziren baliabide horretara. “Hilaren 18an, berriz, udal gobernuak La Sirena itxi zuen, eta pertsona horiek guztiak berriz ere kalera itzuli ziren. Gero, urtarrilaren 20an ireki zen berriro errekurtsoa, eta atzo itxi zen berriro, hotz handia egin arren”, adierazi du Duartek.
Baliabide hori erabiltzea garrantzitsua dela dio udal taldeak, baina ez datoz bat hain modu “arbitrarioan” ireki eta ixtearekin. “Itxita egon den egun hauetan (gaur gauean, adibidez) ere hotz handia egin du. Gure ustez, martxoaren bukaera arte irekita egon daitekeen udal baliabidea da, borondate politikoa izanez gero”, salatu du Duartek.