Hiriko hondartzetako toldo zerbitzua berrabiarazi du udalak
Gaurtik aurrera izena eman daiteke hiriko hondartzetako toldoen zozketan parte hartzeko. Otsailaren 11ra bitarte, adinez nagusi diren guztiek eska dezakete, Donostian bizi ala ez. Helbide bakoitzeko inskripzio bakarra baimenduko da. Ezin da telefonoz izena eman, baizik eta webgunearen bidez edo sailaren bulegoetan aurrez aurre. Inskripzioa egiteko orduan, 100 euroko fidantza ordaindu beharko da, eta adjudikatzen ez bada, itzuli egingo da.
“Toldoen zerbitzua itzuliko da bi urte igaro ondoren, osasun krisiaren ondorioz ez baitzen komeni bertan egotea segurtasun arrazoiengatik eta pertsonen arteko distantziagatik. Dena ondo badoa, hiriko hondartzetako erabiltzaileei zerbitzu hau berriro eskaini ahal izatea espero dugu”, Marisol Garmendia Ekologiako zinegotziak.
Izena emateko eskabidean adierazi behar da zein hondartzatan eduki nahi den toldoa. Udalaren webgunean, plano batek hondartzetako sektoreak ikusteko aukera emango du, olana aukeratu ahal izateko. Behin inskripzioa amaituta, ezin izango da lekuz aldatu. Gainera, Donostian erroldatu ez direnek NANa aurkeztu beharko dute izena emateko unean. Eskatzaile bakoitzari lokalizatzaile-zenbaki bat emango zaio, eta horrek, NANarekin batera, zozketaren prozesua ezagutzeko aukera emango du.
Toldoen zozketa martxoaren 18an egingo da, eta eskatzaile bakoitzak zenbaki bat izango du. Zenbaki bat aterako da zozketan, eta zenbaki horrek ezarriko du toldoak aukeratzeko hurrenkera. Hiru egun geroago, apirilaren 29ra arte, adjudikaziodunek toldo mota aukeratu ahal izango dute hondartza barruan, udalaren webgunearen bidez.
1.400 toldo zozkatuko dira Donostiako hiru hondartzetarako: 440 Kontxako hondartzari dagozkio (horietatik zortzi egokituak), Ondarretari 424 toldo (hamabi egokituak) 98 karpa eta 198 eguzkitako, eta Zurriolari 240 toldo (zortzi egokituak).