Merkatarientzako eta ostalarientzako euskara ikastaroetan izena emateko epea ireki dute
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, hiriko merkataritza eta ostalaritza elkarte eta erakundeekin lankidetzan, urtean bitan antolatzen ditu sektore horietako profesionalei zuzendutako euskara ikastaroak. Otsailetik ekainera eskainiko diren ikastaro bereziak dira, 60 ordukoak, 60 euro ordainduta. Ikastaro horietan izena emateko epea otsailaren 2ra arte zabalik egongo da.
Bezero euskaldunak arreta hobea izatea da helburua eta, horretarako, euskara ikasten hastera edo euskara maila hobetzeko ikastaroak eskaintzen dira. Ikastaroak hiriko euskaltegietan gauzatuko dira (AEK, Ilazki, Hitzez, Legazpi 6, Urrats eta Urumea). Bi ikastaro mota daude. Batetik, I Modulua dago eta zerbitzua euskaraz ematen hasteko oinarrizko komunikazio gaitasuna lantzea du helburu. Bestetik, jarraipen moduluak daude, xede hau betetzeko: hizkuntza oinarriak eta edukiak finkatu eta osatzen joatea ulermenerako nahiz komunikaziorako gaitasuna hobetzeko.
Izena hainbat modutara eman daiteke: Internet bidez eta ondorengo erakundeen egoitzetan: Euskara Zerbitzuaren bulegoa, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, San Sebastian Shops eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea.