Arantzazuko Amako gurasoek eskatu dute ikastola ondoko errepidearen abiadura murrizteko
Martutenen atzo gertaturiko istripuak auzotarren kezka areagotu du. Auto batek talka egin zuen Arantzazuko Ama ikastolako hesiaren kontra, eta, zorionez, ez zuen kalte pertsonalik eragin. Istripua dela eta, Arantzazuko Ama ikastolako guraso elkarteak idatzi bat plazaratu du. Gertaturikoak “ikastola eta BHIko hezkuntza ingurunea astindu” duela adierazi dute. Hau da, ikasleak, irakasleak, jantokiko zaintzaileak, bizilagunak eta familiak. “Ez bakarrik istripuaren itxura larriagatik, baizik eta berria ez den sentsazio bat delako”, nabarmendu dute.
Horiek horrela, Donostiako Udalari neurriak hartzeko eskatu diote: “Behin eta berriz eskatu dioguna honako hau da: bihurgunearen ondoren eskola ingurunean sartzen dela adierazten duen seinale egokia eta abiadura murrizketa egokia. Baita ere, espaloia eta errepidea bereizten dituen hesi bat, gure seme-alabak gutxieneko moduan babestuko dituen hesi bat”. Haserre agertu dira udalak oraindik ez dituelako behar beste neurri jarri eremuko segurtasuna bermatzeko. “Lotsagarria eta onartezina iruditzen zaigu gutxieneko neurri horiek, gaur egun ikusi danez nahikoak ez direnak, udalak oraindik ezarri ez izana. Gure kasua berrikustea eta haur horiek babesteko neurriak hartzea eskatzen dugu, jolastokian dauden bitartean eta egunero ikastetxetik sartu eta irteten direnean”, gaineratu dute.
Hona hemen oharra osorik:
“Urtarrilaren 24an, jantokiko orduan, auto batek kontrola galdu du eta ikastola inguratzen duen hesiaren kontra jo du, patioraino sartuz ikasleak bertan zeudela. Istripu horrek Arantzazuko ama ikastola eta BHIko hezkuntza ingurunea astindu du: ikasleak, irakasleak, jantokiko zaintzaileak, bizilagunak eta familiak. Ez bakarrik istripuaren itxura larriagatik, baizik eta berria ez den sentsazio bat delako. Oraingoan zorionez, izualdian geratu da, baina sahiestezina da gehienoi burutik pasatzea “eta…”. Eta istripua ordubete beranduago izan balitz institutuko ikasle asko leku horretan bertan aparkatutako bizikletak hartzen ari direnean? Irudietan ikus daitekeenez, horietako batzuk istripua izan duen autoak zanpatu ditu. Eta ohikoa den moduan ikasle ugari leku horretan bertan eserita egon izan balira? Zoritxarrez, oso ezaguna egiten zaigun sentimendu bat da. Nahiz eta ez hain larria, sustoak eta “ui ui ui”-ak nahiko maiz errepikatzen dira zentro honetako familien artean, trafiko-dentsitate esanguratsua duten errepideen hurbiltasunagatik.
Arantzazuko ama Martutene auzoko, eskola eta institutu publikoa da, eta errepidez inguraturik dago bere lau alboetatik. Eraikinaren aurrealde osoa zeharkatzen duen errepide nagusia (Martutene pasealekua, Donostia Astigarragarekin eta Hernanirekin lotzen duen errepide zaharra) bihurgune handi baten ondoren hasten den zuzengunea da. Horren ondorioz, zentroko sarrerak eta irteerak ez dira seguruak. Gainera, COVID pandemiarekin egoera hau larriagotu egin da; izan ere, protokoloak betetzeagatik, zentroko sarbideak aldatu egin dira, eta orain errepide nagusiaren aldean daude. Gainera, arrazoi beragatik, familien irteerak mailakatuak izateari utzi diote, eta, beraz, arriskua are handiagoa da. Gaurko istripuak agerian uzten du sarrerak eta irteerak arriskutsuak izateaz gain, ikastolaren kokapena ere arriskutsua dela ia 900 metroko bihurgune horren ondoren.
Egoera horren aurrean, familiok uste dugu hezkuntza-ingurune hori babestu behar dela, hau da, haur horiek errepidez inguratuta bizitzeak dakartzan arriskuetatik babestu behar direla. Egoera egokiena, ikastolaren ingurua oinezkoentzat egitea izango litzatekeen arren, oraingoz, udalari behin eta berriz eskatu dioguna honako hau da: bihurgunearen ondoren eskola-ingurunean sartzen dela adierazten duen seinale egokia eta abiadura-murrizketa egokia. Baita ere, espaloia eta errepidea bereizten dituen hesi bat, gure seme-alabak gutxieneko moduan babestuko dituen hesi bat. Hesi horrek funtzio bikoitza izango luke: haurrei errepidera “erortzea” eragoztea, eta autoek espaloira igotzea edo gaurko muturreko egoeran 12 urtetik beherako haurrez betetako ikastetxeko patiora iristea ekiditea. Eskaera horiek ukatu egin ditu udaletxeak. Hasiera batean teknikoki ezinezkoa zela esan ziguten, ondoren, udalak baliabiderik ez zuela. Gainera, gure proposamenak ukatu besterik ez dute egin udaletxeak, beren irizpidearen arabera teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarriak diren alternatibak aurkeztu gabe. Lortu dugun guztia, auzo-elkartearekin batera egindako eskaerari esker, errepide nagusi horretara ematen duen atearen parean metro eta erdiko luzera duen hesi txiki bat da.
Lotsagarria eta onartezina iruditzen zaigu gutxieneko neurri horiek, gaur egun ikusi danez nahikoak ez direnak, udalak oraindik ezarri ez izana. Gure kasua berrikustea eta haur horiek babesteko neurriak hartzea eskatzen dugu, jolastokian dauden bitartean eta egunero ikastetxetik sartu eta irteten direnean”.