Inauterien inguruko erabakia ostiraletik aurrera hartuko du udalak
Kaldereroak eta inude eta artzainak atzeratzea proposatu ondoren, Donostiako Udalak inauterien inguruko erabakia hartuko du. Eusko Jaurlaritzak ezarritako azken neurrien dekretua ostiralean, hilaren 28an, iraungiko da. Eneko Goia alkateak adierazi du aste honetan jakingo dela aipaturiko neurriak mantendu edo aldatzen diren. “Itxaron beharko dugu. Aste honetan jakingo dugu neurriak luzatzen diren ala ez. Ditugun aukerak aipatu aurretik dekretu zehatza jakin behar dugu”, azaldu du Goiak.
Tolosak inauteriak bertan behera utzi dituenez, Donostiak aukera hori mahai gainean ote duen galdetu diote alkateari. “Bi herrietako inauteriak oso desberdinak dira. Beste batzuetan esan dudan moduan, erabakiak hartu behar dira indarrean dauden neurriak errespetatuz eta udalerriko errealitatea ezagututa. Guk gure errealitatetik egin behar dugu analisia”, esan du Goiak.