110 zuhaitz landatu dituzte Loiolako zeharbidean
Loiolako zeharbideko lanak azken fasean daudela iragarri du Donostiako Udalak. Horrekin batera, 110 zuhaitz landatu dituzte zeharbideko berdeguneetan. Izan ere, etxebizitzen fatxadetatik urrun dagoen oinezkoentzako espazio zabala sortu denez, zuhaizti handiak landatu ahal izango dituzte, etorkizunean inausketarik egin behar izan gabe.
Bi zuhaitz espezie tartekatu dituzte aipaturiko berdeguneetan: hostotza iraunkorra eta hosto erorkorra. Horrekin batera, 50 ginkgo biloba landatu dira, 40 ale lehor, hamabost gereziondo apaingarri eta bost astigar topoaren geltokiaren ondoko plazan –argazkian ikus daitezke–.
Guztira, 2.500 metro koadro soropil eta 900 metro koadro zuhaixka zati sortu dituzte. Era berean, 70 mirto eta 70 hortentsia jarri dituzte espaloiko aparkalekua mugatuz, 1.000 kanpai horma erdibitzailean eta hainbat espezietako 2.000 unitate.
Herritarren partaidetza
Hilaren 31n zuhaitz eta landare gehiago landatuko dituzte, herritarren eta bizilagunen laguntzarekin. Landaketa 10:30etik 12:30era izango da. Udalaren helburua da Loiolako biztanleak berdeguneetan inplikatzea. Zehazki, topoaren geltokitik gertuen dauden parterretan zuhaitzak eta beste espezie batzuk landatuko dituzte. Udaleko parke eta lorategi saileko teknikariek prestatuko dituzte, eta landare motari buruzko azalpen labur bat emango dute, eta nola loratuko diren adieraziko dute. Parte hartzen dutenei aitzurrak utziko dizkiete zuloa egiteko eta espeziea landatzeko.