Nazien kontzentrazio esparruetara eraman zituzten donostiarrak omendu dituzte
Bihar, hilak 27, Holokaustoaren Biktimak Oroitzeko Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu mailan. Gaur, egun bat lehenago, Donostiako Udalbatzak nazien kontzentrazio esparruetara eraman zituzten biktima donostiarrak omendu ditu.
Ekitaldia Aieteko Jauregiko lorategian dagoen Urdina eskulturaren aurrean egin dute. Hain zuzen ere, iaz jarritako eskultura horrek 1940. eta 1945. urteen artean deportatutako hogeita bi biktima omentzen ditu.
Biktimen hainbat senidek parte hartu dute gaurko ekitaldian, eta horietako bik hartu dute hitza. Axun Azurzak Joxe Mari Azurza Osategi aitonari familiak idatzitako gutuna irakurri du. Igeldoko semea zen Joxe Mari, eta nazien Mauthausen-Gusen (Austria) kontzentrazio esparruan hil zen.
‘Urdina’ eskultura
Iazko irailean jarri zuen udalak Urdina eskultura Aieten. 2020ko urtarrilaren 28an aho batez onartutako adierazpen instituzionalaren emaitza da, askatasunen alde eta nazismoaren aurka borrokatu zirenak gogoratzeko. 2,5 metroko garaiera duen espazio kubiko ireki bat da, hormigoi armatuz egina, eta bunker bat gogorarazten duena. Iñigo Piñera eskulturaren egileak nazien sarraski eremuetara eraman zituzten hogeita bi donostiarren izenak jarri zituen eskulturaren barruko hormetan. Kuboaren beste aldean, leiho bertikal batek parkean landatutako Ana Frank zenaren zuhaitza ikusteko aukera ematen du.
‘Emakumeak eta kontzentrazio esparruak’
Esan bezala, biharko egunez ospatzen da Holokaustoaren Biktimak Oroitzeko Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, Emakumeak eta kontzentrazio esparruak izeneko hitzaldia emango dute Ana Garcia eta Etxahun Garparsoro historialari zein ikertzaileek, Aieteko kultur etxean (19:00). Galparsorok Euskadiko eta Gipuzkoako deportatuek Hirugarren Reicheko kontzentrazio esparruetan bizi izandakoa azalduko du. Santamariak, berriz, nazien sarraski esparruetan izandako emakumeei buruz hitz egingo du. Bukaeran solasaldi bat egingo dute bertaratzen direnekin.