Artzeren antologia poetiko berri bat, "poesia jendearengana hurbiltzeko"
Joxan Artzek bizitza osoan zehar idatzitako lanekin bilduma argitaratu du Balea Zuria argitaletxeak, Usurbilgo Udalaren laguntzarekin. Poeta usurbildarraren lan guztiak barnebiltzen dituen lehen antologia da, bere heriotzaren laugarren urteurrenean kaleratutako hau.
Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak. “Artzeren nahia, poesia liburutik atera eta jendearengana hurbiltzea izan zen. horregatik urte batzuen ondoren uste izan dugu bere ondarea gogora ekartzea beharrezkoa zela, eta bere poema ezagun eta borobilenak publiko zabalari eskaintzea”. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Koldo Mitxelena liburutegiak, Artzeren dokumentu fondoak jaso zituen, “70. hamarkadako poesia esperimental eta abangoardista sortu zuenarena”.
Balea Zuriko Pello Otxotekok, karmen Esteban alargunaren izenean eskerrak eman dizkie gerturatutakoei. Otxotekok azaldu du Artzeren liburu ia guztietako poemak aurkitu daitezkeela egin duten aukeraketan. Esanguratsuenez gain, balio literario handienekoak aukeratzen saiatu direla aitortu du. Jakina denez, poesia bisual asko egin zuen Artzek bere lehen lanetan, eta horiek, “maketa arazoengatik” kanpoan geratu behar izan direla aitortu dute. Karmen Esteban alargunari eskainitako sei poema argitaragabe bildu dituzte bilduman.
Edonola ere, aukeraketak Artzeren ibilbide osoa ezagutzeko aukera ematen du, Harzabal ezizena erabiltzen zuenetik, Hartzuteraino. ‘Enborretik’ du izena antologiak. Txalaparta eta zuhaitzetatik abiatuta, ondo biltzen duelakoan. “Irudi horrek betetzen du natura, lurra eta zerua batzen duen irudi hori, eta kate hori gizakia izan daiteke ere”.
Joxan Artze, abangoardista eta metafisikoa
Joxan Artze (Usurbil, 1939-2018), XX. mendeko euskal poeta garrantzitsuenetako bat izan zen. 1968. urtean Isturitzetik Tolosan Barru… lan esperimental eta abangoardista kaleratu zuenetik, euskal kulturaren eta artearen figura oinarrizkoenetako bat bilakatu zen. Ez Dok Amairu taldearen sortzaile eta zuzendari artistikoa izateaz gain, hil zorian zegoen txalaparta berreskuratzea zor diogu ere.
Harzabal ezizenez argitaratu zituen 1969-1979ko lanak, abangoardia poetikoari lotua, poesia sozialetik hurbilago eta garaiko herri mugimenduekin zein mugimendu kulturalekin lotuagoa. 1979-2013 artekoak aldiz, Hartzut ezizenez, eta bertan garatu zuen bere alde espiritual, irrazionalista, metafisikoa eta erlijiosoa.
Artzeren lana, oraindik orain, ez da nahiko ezaguna, bereak diren arren “guztion ahotan dauden kantuen letrak”, Millanen ustez, Txoriak txori edo gure bazterrak izan ditzakegu gogoan. Lan honen bitartez bere figura hobe ezagutzeko aukera izango dela uste dute Balea Zuria argitaletxekoek.