Udal batzar aretoko edukiera murriztu du udalbatzak
Pandemia garaiko neurri zorrotzenak berreskuratu dituzte urtarrileko osoko bilkuran. Bozeramaileen Batzordean Elkarrekin Donostiak eskatu zuen udal talde bakoitzeko zinegotzien arteko segurtasun distantzia bermatzeko. Proposamena ontzat jo zuten EAJk, PSE-EEk eta PPk. Aldiz, EH Bilduk eskaeraren kontra bozkatu zuen horrelako neurriak ez daudelako indarrean udaletxean. Hori dela eta, udal taldeak bereizita eta mahaietan banatuta eseri dira aretoan, EH Bildu izan ezik.
Erabakiak beste ondorio bat izan du. Udal taldeen antolaketa egokitzearekin batera, publikoaren edukiera murriztu dute. Udaleko iturrien arabera, harturiko erabakiak eragina du edukieran: “Izan ere, okupatzen den espazioa handiago da. Behin erabakia hartuta muntatu da aretoa. Distantziak mantendu behar badira, udal batzar areto osoan izan behar dira, eta ez bakarrik zinegotzien aulkietan, baita gainerako eserlekuetan ere”.
Hori dela eta, udal batzar aretora protesta egitera sartu nahi zuten herritar guztiak ezin izan dira sartu. Esaterako, lan baldintzak hobetzeko eskatzen ari diren udaltzainak. EH Bilduk behin eta berriz eskatu du edukiera handitzeko, herritar gehiago aretora sar zitezen. Ordea, aukera hori baztertu du Eneko Goia alkateak eta udalbatzarreko presidenteak.