Urumeako hondakinen arazoa konpontzearen alde agertu dira udal talde guztiak
Urte hasieran, Urumea “zabortegi” bilakatu dela salatu zuen Eguzki Talde Ekologistak. Horren harira, Donostiako Udalak hondakinak erretiratuko zituela iragarri zuen. Gaur, urtarrileko udalbatzarrean, Urumeako hondakinen gaia jorratu dute bi mozioren bidez. Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk bana aurkeztu dute, eta biak aho batez onartu ditu udalbatzak.
Onartutakoari dagokionez, Donostiako Udalak garbiketa lanak egiteko eskatuko die Gipuzkoako Itsasertzetako Zerbitzu Probintzialari, URA Uraren Euskal Agentziari eta eskumena duten erakunde guztiei. Era berean, eskumena duten horiei eskatuko diete zaintza areagotzeko, ibai horretan isurketarik egon ez dadin. “Ezin dugu klima larrialdiaz eta ingurumenaren zaintzaz hitz egin, eta gero gure hiria zeharkatzen duen ibaia zaborrez beteta eduki”, adierazi du Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako bozeramaileak.