2021eko memoria aurkeztu du Donostia Kulturak: 103.000 sarrera salduta eta milioitik gora bisitari
103.776 sarrera saldu dira ikuskizunetarako, eta bere zentroetan milioitik gora lagun edo bisitari izan dute Donostia Kulturak antolatutako ekitaldiek. Pandemia aurretik saldutako 329.530 sarreren herenera iristen ez den arren, Donostia Kulturak oso emaitza onak direla uste du, pandemiaren bigarren urtealdia dela kontuan hartuta.
Donostia Kulturak “egokitzeko gaitasuna frogatu” du duela uste du udalak. Izan ere, osasun neurri zorrotzek markatu zuten 2021a: eserlekuak aurrez esleitzea aretoetan, ordutegi aurreratuak, eta kanpoko espazioak baliatzea kulturarako… Etorkizunera begira “indartzen” jarraituko duten neurriak izango dira.
Balorazioa egiterako orduan etengabeko ustekabeak aintzat hartu beharra azpimarratu dute: jarduerak bertan behera geratzea, ixte perimetralak, programazio-aldaketak, sarrerak itzultzea, eta abar. Hala ere, udalaren ustez, jendeak “harrera benetan beroa egin zion” Donostia Kulturak urtean egin duen kultur eskaintzari.
Izandako jaialdien artean, Jazzaldia aipatu dute eta 2021eko programazioak izandako erantzun bikaina ere, edukieraren % 90 saldu baitzen. Donostia Kulturak antolatutako ikastaroetan parte hartzearen datuak ere azpimarratu dituzte: 7.000 matrikula baino gehiagorekin, “donostiarrek agerian utzi zuten kultura aurrez aurrekoen bidez eta parte hartuz berreskuratzeko zuten gogoa”.
Elkanori eskainitako erakusketa arrakastatsuenen artean kokatu dute, 25.000 bisitaritik gora izan baitzituen. Bestalde, Donostiako Liburutegi Sarean, 533.000 erabiltzaile inguru izan dira eta 399.983 ale mailegatu, hots, pandemia aurreko datuen parekoak. Bestetik, Literaktum literatur jaialdiaren arrakasta nabarmendu dute, 3.500 herritar izan baitziren bertan, frogatuz Donostiako kultur hitzordu hori gorantz doala
Erakundeak egoera hori baliatu du “etengabeko eraldatze eta digitalizazio-prozesua areagotzeko”. Web berri bat egin nahi da 2022rako, eta lanean ari dira kultura, “irakurri ez ezik, entzun (DK Irratia) eta ikusi (Larrotxene Bideo, eta abar) ere egin dadin”. Alde horretatik, nabarmentzekoa da Ispilu Beltza irrati-programak izan duen arrakasta, podcast formatuan, erreferente bihurtu baita oso denbora laburrean gure inguruko kultur komunikazioari dagokionez.
Azkenik, 112.832 bazkidera iritsi da Donostia Kultura (2020an baino 2.766 gehiago), eta horrek, Gipuzkoako klubik bihurtzen duela erakunde hau. Horretarako, 5.498.669 bisita izan ditu webean, eta 168.825 jarraitzaile ditu kudeatzen dituen sare sozialetan.