Argentinako eta Euskal Herriko gozogintza batu dituzte
Marianela Guardia argentinarra da, eta duela hiru hilabete Goxonela gozotegia ireki zuen Egian bere bikotekidearekin batera. Argentinako eta Euskal Herriko gozogintza artisaua egiten du, hemengo produktuak erabiliz. Hiritar zein auzotarrek harrera ona egin dietela azaldu digu, eta oso pozik daude orain arte izandako esperientziarekin.
Duela lau urte iritsi zen Marianela Guardia Villa de Merlotik (Argentina) Euskal Herrira. Urte batzuk lehenago Argentinatik Zarautzera joan ziren lagun batzuek gomendatu zioten hona etortzeko. Hango egoera ekonomikoa okertzen ari zen lehenagotik, eta pausoa ematera ausartu zela azaldu digu. Argentinatik irteten zen lehen aldia izan zen berarentzat, eta hemen geratuko zen jakin gabe iritsi zen. “Zarautzen bizi nintzela ezagutu nuen nire bikotekidea. Bera donostiarra da, eta hona etorri ginen bizitzera”.
Guardia gozogilea da ofizioz, 12 urterekin hasi zen kozinatzen eta gozogintzaren inguruko ikastaroak egiten: “Amak txikitatik irakatsi dit sukaldaritza”. Argentinan bi gozotegi ireki zituen, baita izozki denda bat ere. Bizi osoa darama kozinatzen, eta ikaragarri gustuko du: “Kozinatzea nire pasioa da”.
Euskal Herrira iritsi zenean, bere lanbidearekin jarraitu nahi zuen, eta bere bikotekidearekin batera negozioa sortzea erabaki zuten. Bere bikotekideak negozio bat sortzeko ideia izan baitu aspalditik. “Sakrifizio handia izan da, baina oso pozik gaude”. Ziurgabetasun handiarekin hasi ziren hasieran, baina egindako aurreikuspenak betetzen ari dira.
Hiru hilabete igaro dira Ametzagaña kalean denda ireki zutenetik. Guardia aritzen da dendan lanean, berak egiten ditu gozoak. Dendan bertan du lantegia. Artisau-lana eginez eta bertako produktuak erabiliz egiten du lan. Goxonelan, Argentinan egiten dituzten gozo tradizionalak topatu daitezke. Besteak beste, alfajoreak, pastafrolak eta esne-gozokia duten askotariko gauzak. Guardiaren ustez, gastronomia argentinarra hirian presente egon arren, “gozogintza argentinarrak ibilbide handia du aurretik”.
Hala ere, neska argentinar bat eta gizon euskaldun bat elkartu direnez, bi kulturak batuko zituen proiektua izatea nahi zuten. Cebanken euskal gozogintzaren inguruko formakuntza egin zuen iritsi eta hilabete gutxira.
Kultura nahasketa
Euskal gozogintzan erabiltzen diren osagaiak oso ezberdinak direla dio Guardiak: “Zerotik hastea bezalako izan zen”. Urte hauetan, inguruan galdetzen, informazioa bilatzen eta ikasten aritu da. Besteak beste, euskal pastela, gazta tarta, sagar tarta, udare tarta, madalenak egiten ditu. Horrez gain, askotariko opilak eta tartak ere egiten ditu, baita enkarguz eskatzen dizkioten tarta pertsonalizatuak ere. Astebururo enkarguak izaten dituztela dio Guardiak.
Gozogilearen iritziz, euskaldunak oso tradizionalak dira gozoei dagokionez, hori gustuko du, eta horregatik gerturatu nahi izan du bertako berezitasunetara. “Kulturalki ogi asko jaten da hemen, eta banekien hori ere izan behar genuela gure dendan”.
Bestalde, hemendik aste gutxira, enpanada argentinarrak egiten hasiko da. Gozoa da gehien gustuko duena, baina gauza gaziak ere kozinatzen ditu. Izenak ere bi kulturen arteko batuketa irudikatzen du. Guardiak azaldu duenez, euskaltegira joaten da euskara ikastera. Gero eta gehiago ari da euskarara gerturatzen eta gizartean integratzen. Hasieran, hizkuntza arrotza iruditu zitzaion arren, gero eta gehiago gustuko du. Goxo hitzak hasieratik liluratu zuen, eta bere izenarekin nahastuz atera da Goxonela. Izena izan zen bion artean erabaki zuten lehen gauza, proiektuak oraindik forma zehatzik ez zuenean ere.
Denetariko bezeroak
Bikotea oso pozik dago hiritarrek egindako harrerarekin. “Jendeari asko gustatzen zaizkio gozo argentinarrak eta jende ugari hurbildu da dendara2. “Harrituta” daude, ez baitzuten halako erantzunik espero. Egian lokala jartzeko aukera izan zuten proiektua martxan jarri nahi izan zutenean eta Guardiaren iritziz, oso auzo “ona eta atsegina” da.
Auzotar ugari hurbildu dira haiengana: “Adin guztietako jendea etortzen zaigu”. Haurtzaindegi bat eta hainbat eskola dituzte inguruan eta gehienak seme-alabak dituzten bikote gazteak direla dio. Hala ere, adinekoak ere gerturatu dira bertara: “Gazteak gauza berriak probatzera etortzen dira, adineko jendeak, ordea, betiko gozoetara jotzen du normalean”.