Hiriko ikastetxeetako jolasguneetan berdeguneak sortzeko eskatu du Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostiak hiriko ikastetxeetako jolasguneetan berdeguneak sortzeko eskatu dio udal gobernuari, “haurren hezkuntza eta emozio garapenerako duten garrantziarengatik eta klima aldaketaren ondorio negatiboei aurre egiteko”. Haizea Garai zinegotziak gaiari buruzko zenbait galdera egin ditu udal batzordeetan, besteak beste, Donostiako ikastetxeetan berdeguneek duten presentziari buruz galdetu dio udal gobernuari, baita jolasguneetako berdeguneen banaketari buruz eta berdegune horiek jolasguneen espazioan duten ehunekoari buruz. Ordea, udal gobernuak ez du daturik helarazi, “orain arte, Parkeen eta Lorategien sailaren lehentasunak beste batzuk izan direla argudiatuta”.
“Ezagunak dira berdegune horiek haurren garapenerako dituzten inplikazio positiboak, maila pedagogikoan, sozialean, ingurumenekoan, ekologikoan eta osasun fisiko eta mentalean. Hala ere, ikasleen aisialdirako erabiltzen diren ikastetxeetako espazio ireki gehienak, hau da, jolastokiak, zolatutako eremuak dira eta ez dute nahikoa berdegune”, nabarmendu du Garaik. “Ekologiako eta Osasun Publikoko zinegotzi ordezkariak batzordean emandako erantzunetatik ere ondorioztatzen da hori. Izan ere, zinegotziak azpimarratu du sailean espazio horiek sortzeko sentsibilitatea dagoela, eta eremu horretan lan egitea gustatuko litzaiekeela, hobetzeko tarte handia dagoela onartzearekin batera”, gaineratu du Elkarrekin Donostiak ohar baten bidez.
Horrela, Garairentzat behar-beharrezkoa da ikastetxeetan berdeguneak sortzea: “Premiazkotzat jotzen dugu ikastetxeetan berdeguneak zabaltzea, berdatzean inbertitzea haurrak hazteko eta beren egunerokoa ingurune garbi eta osasungarrian bizitzeko aukerak handitzea baita”.