LABek lan erreformaren aurkako protesta egin du Adegiren egoitzaren barruan
Atzo LABek hainbat ekintza egin zituen Euskal Herrian urtarrilaren 30ean egingo duten lan erreformaren aurkako manifestazioaren harira. Donostian, LABeko militanteek ADEGI Gipuzkoako enpresarien elkartearen egoitzan okupazio sinbolikoa egin zuten.
Hogei militante inguru sartu ziren egoitzara eta ordubete igaro zuten bertan. Afixak bota eta lan erreformaren aurkako oihuak egin zituzten. Kanpoan, berriz, hamarnaka kide bildu ziren. Adegiri, lan erreformarekin bat egin izana eta “prekarizazioaren” erantzule izatea leporatu zioten.
Ertzaintza egoitzara bertaratu zenean, sindikatuko eta patronaleko arduradunekin hitz egin ondoren, modu baketsuan hutsu zuten eraikina eta ez zen istilurik egon. Hala ere, Adegik salaketa jarriko duela jakinarazi zuen atzo.
“CEOEren partaide gisa, lan erreformaren derogazioaren aurkako lobbyaren parte izan dira. Confebask eta CENek prekarietatearen aldeko apustua egin dute berriro ere, jakin arren prekarietateak eragin kaltegarria daukala langileon bizitzetan. Enpresa ereduaren inguruko diskurtsoen gainetik, euskal patronalak bere etekinak lehenesten ditu lan baldintza duinen aurretik”, adierazi zuen Igor Arroio idazkari nagusiak.
Lan erreforma Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala kontuan hartu gabe egin dela salatu zuen LABek: “Gu ez gaude lotuta Madrilgo akordioari. Akordio horrek ez du gehiengoaren legitimitaterik Euskal Herrian. Ondorioz, hemen ez dizuegu oparituko inolako bake sozialik”. “Gu prest gaude akordioetarako, baina eta langileen arazoei konponbidea emango dieten akordioetarako. Prest gaude 1.400 euroko gutxieneko soldata arautuko duen akordio interprofesionala egiteko. Prest gaude 30 orduko lanaldiaren bidez enplegua eta zaintza lanak banatzea ahalbidetuko duen akordio interprofesional bat egiteko. Baina, momentuz ez dugu patronalen aldetik inolako erantzunik jaso”.
Hori dela eta, datozen hilabeteetan mobilizazioak egingo dituztela iragarri zuen Arroiok: “Euskal langileok ez gara egoera honekin konformatuko. Greba eta mobilizazioetara joko dugu sektorez sektore eta enpresaz enpresa datozen hilabeteetan”.
Ertzaintza egoitzara bertaratu zenean, sindikatuko eta patronaleko arduradunekin hitz egin ondoren, modu baketsuan hustu zuten eraikina eta ez zen istilurik egon. Hala ere, Adegik salaketa jarriko duela jakinarazi zuen atzo.