Miramongo parkeko 50 pinu gaixo kenduko dituzte eta bertako espezieekin birpopulatuko dute
Parkeen eta Lorategien Departamentuak Miramongo parkeko berrogeita hamar bat pinu moztuko ditu datozen egunetan, eta espezie autoktonoen zuhaitzak landatuko dituzte. Guztira, 50 pinu kenduko dituzte eta, ondoren, 1oo zuhaitzekin birpopulatuko dute, baso misto atlantikoaren izaera indartzeko.
Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak adierazi duenez, “udaleko teknikariek ikusi dutenez, Miramon inguruan, Gipuzkoako beste zuhaitz-masa askok bezala, onddoek eragindako gaixotasunak dituzte, batez ere banda marroia edo pinuen txankroa deiturikoak. Horren ondorioz, parkeko zuhaitz asko hilda edo lehortuta daude, eta izurritea hedatzen ari da, zuhaitz osasuntsu berriei eraginez.”
Hori dela eta, kaltetutako pinuak moztea erabaki dute, Mando errekako goiburutik hasita Botanikaraino doan eremuraino, Lanberrigaina-Erramuene bidearen ondoan. Martxoa hasi baino lehen abiatuko dute fase hori, hegaztien habiei eta basabizitzaren ugalketa garaiari kalterik ez egiteko.
Horren ostean, bertako espezieen aleak landatuko dira, basoari harizti misto atlantiko gisa birsortzen laguntzeko. Moztutako zuhaitzen egurra xehatu ondoren, besteak beste, konposta egiteko erabiliko da.