Unibertsitarioen Olinpiar Jokoak Donostian
1955ean, Donostian nazioarteko kirol txapelketa garrantzitsu bat egin zuten: Kirol Unibertsitarioaren Nazioarteko IV. Astea. Herrialde ugaritako atletak izan ziren hirian, eta hainbat bitxikeria gertatu ziren.

Unibertsitarioen Olinpiar Jokoak, Unibertsiadak, 1959an antolatu zituzten estreinakoz izen horrekin, Turinen (Italia). Ordea, 1923tik antolatzen zituzten unibertsitarioen arteko goi mailako kirol txapelketak, beste izen batzuekin; urte horretan egin zuten lehenengo txapelketa, Parisen (Frantzia). Bigarren Mundu Gerraren ostean, nazioarteko kirol unibertsitarioaren mugimendua berpizten saiatu ziren, baina Gerra Hotzaren ondorioz, mendebaldeko mugimendua (FISU) eta ekialdekoa (UIE) sortu ziren. Horrela, FISU erakundea bi urtean behin Kirol Unibertsitarioaren Nazioarteko Astea antolatzen hasi zen. Funtsean, unibertsitarioen Olinpiar Jokoak ziren.
1955ean antolatu zuten laugarren eta azken Kirol Unibertsitarioaren Nazioarteko Astea ondoren, Unibertsiadak izenarekin antolatzen hasi ziren, eta Donostian egin zuten. Abuztuaren 7tik 14ra izan zen txapelketa.

Israelgo atletak, Kirol Unibertsitarioaren Nazioarteko IV. Asteko desfilean, Anoetan. (Argazkia: Sigfrido Koch Bengoetxea/San Telmo Museoa)
25 herrialde
Kirol Unibertsitarioaren Nazioarteko IV. Astean hiria Ameriketako, Asiako, Afrikako eta Europako atletez eta zalez bete zen, 25 herrialde hauetako kirolariek parte hartu baitzuten: Hegoaldeko Afrika (hala dator garaiko prentsan), Alemania, Austria, Belgika, Brasil, Korea, Egipto, Espainia, AEBak, Herbehereak, Indonesia, Ingalaterra, Irlanda, Israel, Italia, Jamaika, Japonia, Luxemburgo, Nigeria, Zeelanda Berria, Portugal, Sarre (Alemaniako eskualde bat da, modu independentean lehiatu zena), Sierra Leona, Suitza eta Turkia. Guztira, 1.500 kirolari inguru izan ziren Donostian, eta atletismoan, igeriketan, waterpoloan, eskriman, futbolean, saskibaloian, belar hockeyan eta tenisean lehiatu ziren. Proba gehienak Anoetan bertan egin zituzten, baina ez denak: eskrimakoak Kursaalean egin zituzten eta saskibaloi partida batzuk Grosen jokatu zituzten, esaterako.

Egiptoko atletak, Kirol Unibertsitarioaren Nazioarteko IV. Asteko desfilean, Anoetan. (Argazkia: Sigfrido Koch Bengoetxea/San Telmo Museoa)
Abuztuaren 7an, herrialde guztietako kirolariek Anoetan desfilatu zuten, txapelketaren inaugurazio ekitaldian, Alberto Martin Artajo Atzerri ministroaren eta beste hainbat agintariren aurrean.
Hain zuzen, bitxikeria bat gertatu zen inaugurazio ekitaldi hartan: Espainiako Estatuan Israelgo bandera jendaurrean astindu zuten lehenengo aldia izan zen. Izan ere, Sigfrido Koch Bengoetxea argazkilariak egindako argazkietan ikus daitekeen moduan, kirolari israeldarrek desfilean parte hartu zuten, gainontzekoek egin zuten moduan, bandera eta guzti.
Gertakaria nabarmentzekoa da, Israel estatu judutarra izanik, Espainiak ez baitzuen harreman diplomatikorik izan harekin 1986ra arte. Gainera, aste batzuk lehenago, israeldarrei betoa jarri zieten Bartzelonako Joko Mediterraneoetan, besteak beste, arabiarren presioarengatik erregimen frankistak harremana zuen herrialde arabiarrekin.

Japoniako atletak, Kirol Unibertsitarioaren Nazioarteko IV. Asteko desfilean, Anoetan. (Argazkia: Sigfrido Koch Bengoetxea/San Telmo Museoa)
Itxieran, ‘Agur jaunak’
Abuztuaren 14an amaitu zen Kirol Unibertsitarioaren Nazioarteko IV. Astea, eta inaugurazioan egin zuten moduan, itxiera ekitaldian ere desfilea egin zuten Anoetan; oraingoan, ordea, Franco diktadorearen eta bere emazte Carmen Poloren aurrean desfilatu zuten kirolariek.
Francok berak banatu zituen dominak kirolari onenen artean, eta ekitaldiaren amaieran beste bitxikeria bat gertatu zen. Atleta guztiak Anoetako zelaiaren erdian bildu ziren, eta sinestezina badirudi ere, Schola Cantorum abesbatzak Agur Jaunak euskal kanta ezaguna abestu zuen txapelketa ixteko, Francoren aurrean.