GI-20 saihesbidea hiribide bihurtzea proposatu du EH Bilduk
Donostia kanpoaldetik inguratzen duen saihesbidea da GI-20 errepidea. EH Bilduk saihesbidea eraldatu eta hiribide bihurtzeko proposamena plazaratu du, Bariantea eraldatu lelopean. “Saihesbidea hiribide bihurtuko balitz, orain okupatzen duen espazioaren bi herenak libre geratuko lirateke. Gaur egungo hiru erreietatik bira pasatuz eta erdibitzailea kenduz, 60 bat hektarea libre geratuko lirateke beste erabilera batzuetarako”, azaldu dute.
GI-20 saihesbidearen eraldaketa “denbora kontua” dela dela nabarmendu du udal taldeak. “EH Bilduren asmoa da prozesu honetan libre geratuko liratekeen espazioen erabilera berriei buruzko eztabaida irekitzea, betiere epe ertain zein luzerako hiri eredu berri baten eraikuntzaren barruan. Beraz, kontua ez da soilik errepide zahar bat eraldatzea eta egungo beharretara egokitzea, baizik eta Donostian sortuko dugun hiri espazio berri bat bizitzaz eta etorkizunaz betetzea, eta guztion artean birpentsatzea eta erabakitzea”.
Zirkulazioaren murrizketa
1970eko hamarkadan eraiki zen saihesbidea. “Une hartan, arazo guztien irtenbidea zela zirudien, ordura arte hirigunetik pasatzen ziren kamioien zirkulazioa hartuz eta autoz beteta zeuden kale asko lasaituz”, adierazi dute. Aldiz, bigarren gerrikoa eraiki zenetik, “zirkulazioa erdira murriztu” zela diote –120.000 motordun ibilgailutik 60.000 ibilgailura–, bere “funtzio nagusia aldatzearekin” batera.
“Hala ere, saihesbideak espazio bera okupatzen jarraitzen du. Horrela, eraiki eta ia 50 urtera, eraldaketa baten atarian dago. Sozialki aurreratuen dauden hiri guztietan horrelako eraldatze prozesuetan murgilduta daude dagoeneko; Donostia ezin da atzean gelditu”.
Partaidetza prozesua
Gaur egun, GI-20 saihesbidea “lubaki” bat dela uste du EH Bilduk. “Lubaki horrek ordura arte fisikoki eta sozialki oso lotuta zeuden hiriko zenbait eremu banandu eta lehendik bizitzaz betetako espazioak okupatu zituen. Hiriko zauri horiek sendatzeko eta XXI. mendean donostiarrok ditugun beharrekin bat datozen erabilera berriak emateko unea da”. Helburu horrekin, udal taldeak partaidetza prozesu bat abiatuko du aurten: “Saihesbideak zeharkatzen dituen eremuetako bizilagunen nahiak eta beharrak ezagutzea da xedea”. Ondorengo auzoetan egingo dute parte hartze prozesua: Intxaurrondo, Loiola, Egia, Amara Berri, Altza, Herrera, Aiete eta Añorga.
EH Bilduren asmoa ez da “proiektu itxi” bat aurkeztea, baina ezta “orrialde huts” bat ere. “Sozialki aurreratuen dauden hirien esperientzia arrakastatsuetatik eta egitasmoaren izaera eraldatzailetik abiatzen gara”. Era berean, hiriko eragile sozialen parte hartzea baldintza gisa hartu dute “eraldaketaren arrakastarako”: “Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egiten duten taldeak, etxebizitza eskubidearen aldeko elkarteak, mugimendu feminista, antolakunde ekologistak, hezkuntza komunitatea, merkatariak, kultura arloko taldeak, kirol taldeak…”.
Aurrekontua eta epeak
GI-20 saihesbidearen 10 kilometroak hiribide bihurtzeak 25 milioi euroko gutxieneko aurrekontua izango luke, EH Bilduren arabera. Lyon hiriko (Frantzia) A6-A7 autobidearen eraldatzea hartu dute erreferentzia gisa. Izan ere, proiektu horrek 40 milioi euroko aurrekontua du, 16 kilometro ditu eraldatzeko.
Epeari dagokionez, aldagai askoren araberakoa dela dio udal taldeak. “Zuhurra litzateke hamarkada bateko epea aurreikustea eta, oro har, ardatz osoaren garapena belaunaldi bateko proiektu kolektibo gisa ulertzea”, esan dute.