Igeldoko Esneak kaleko makinak erretiratzea erabaki du
Makinek ez dute esne gehiagorik ematen. Igeldoko Esneak Antiguako Gaskonia plazako eta Groseko Nafarroa Beherea plazako makinak erretiratzea erabaki du, hainbat arrazoirengatik. Makinak nabarmen zahartu direla diote, eta mantenurako ordezko piezak lortzea ezinezko bihurtu dela. Gainera, makina berriak jartzeko inbertsioa handiegia dela adierazi dute. Bestalde, kalean makina bakoitza jartzeagatik 900 euro inguruko tasa ordaintzen diote Donostiako Udalari. Argindarraren prezio igoerak eta azkenaldian makinei egindako erasoek ere aipatu dituzte.
Bezeroei esker oneko hitzak eskaini dizkiete, eta aurrerantzean esnea non eskura dezaketen azaldu diete ohar baten bidez. Hain zuzen ere, Igeldoko esnea ondorengo lekuetan erosi ahal izango da:
- Antiguan, Eroski supermerkatuan (Sukia kalea), Maialen (Karmelo Etxegarai kalea) eta Lukas (Caro Baroja plaza) dendetan eta Iñaki harategian (Mikeletes pasealekua).
- Grosen, Chamorro (Karkizano kalea) eta Iñaki harategietan (Usandizaga kalea), eta Muno Baserria (Nafarroa Beherea plaza) dendan.
- Amara Berrin, Don Serapio dendan (Antso Jakituna pasealekua), Ogi Berri okindegian (Katalina Erauso kalea) eta Etxezarreta harategian (Katalina Erauso kalea).
- Intxaurrondon, Bengoetxea harategia (Zarategi pasealekua), Rosi denda (Buztintxulo kalea) eta Zubiaurre okindegia (Zubiaurre pasealekua).
- Añorga Txikin, Anais fruta dendan (Añorga hiribidea).
- Igeldon, IKO kooperatiban.