'Zatoz euskal poliziara' kanpainari "benetako irudiak" gehitu dizkio Donostiako ekintzaile talde batek
Asteburuan, Eusko Jaurlaritzaren ‘Zatoz euskal poliziara’ kanpaina hackeatu du Donostiako ekintzaile talde batek. IRUTXULOKO HITZAK Donostiako ekintzaile taldearekin hitz egiteko aukera izan du: “Kanpaina horretan estudioko argazkiak erabili ditu Eusko Jaurlaritzak, eta guk benetako irudiak erakutsi nahi izan ditugu”. Argazkietan, besteak beste, Ertzaintza hainbat karga egiten ageri da.
Luther-Blisseten Komunikazio gerrillaren eskuliburua eta Mundua eraldatuz gozatzeko errezeta liburua batu ezkero, irudimena indartu egiten da. Horri gehitu poliziaren irudi lagunkoi eta atsegina eman nahi duen Eusko Jaurlaritzaren kanpaina bat, eta saltsa prest duzu.
Brandalism gisa ezagutzen da teknika, baita distantziatze edo apropiazio moduan. Marka edo irudi bat hartu, eta ezkutatu nahi duena agerian uzten saiatzen da: “Erakutsi nahi den gezurraren gainean, egia jasanezina da”. Teknika ondo menderatzen dute: “Udaletxekoa jartzen ari ginenean, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren patruila bana pasa zen ondotik, eta ohartu ere ez!”, diote, garaipen moduan.
Ertzaintzaren bortizkeria erakusten duten benetako irudiak dira gehienak. Beste batean, aldiz, kokaina esnifatzeko prest ageri den irudi batekin egin dute muntaia. “Argazki hori ez da benetakoa, baina denok dakigu ez dela gezurra”, aitortu dute.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak adierazi duenez, “gorrotoa adierazten duten argazkiak dira”. Lehen aldiz, ekintzaileak ados agertu dira sailburuarekin: “Argazkiek gorrotoa erakusten dute, bai. Ertzaintzak herritarren kontra erabiltzen duena, hain zuzen”.
Herritarren artean nahasmena sortu du hasiera batean ekintzak. Hain zuzen, harritzekoa zelako Eusko Jaurlaritzak, Ertzaintzaren “benetako irudiak” erabiltzea.
? Gorrotoa adierazten duten argazkiak.
— Josu Erkoreka (@jerkoreka) January 29, 2022
? Iraganean ainguratuta jarraitzen dutenen argazkiak.
? Baina errealitatea egoskorra da, eta zifrek adierazten dute @ertzaintzaEJGV Euskadin… ➡️ https://t.co/cLtFSS1RFB pic.twitter.com/dAA29o969k