Eneko Goiaren ustez, ez da bideragarria EH Bilduren GI-20 saihesbidea eraldatzeko proiektua
EH Bilduk GI-20 saihesbidea hiribide bihurtzeko proposamena plazaratu du. Eneko Goia alkateari proposamenaren inguruan galdetu diote gaur, Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. Ezer baino lehen, Goiak aitortu du “prentsaren bidez eta gainetik” irakurri duela proposamena, baina prest dagoela jasotzen dituzten proiektuak aztertzeko. Horrela ere, aurreratu du EH Bilduk aurreikusitako diru kopuruarekin ez zaiola “bideragarria” iruditzen aipaturiko eraldaketa egitea.
Saihesbidetik egunero 60.000 ibilgailu pasatzen direla nabarmendu du Goiak, eta hori “asko” dela. “Pentsa, Karlos I.aren hiribidetik egunean 9.000 ibilgailu pasatzen dira. Alde handia dago. Bestalde, Tolosako hiribidetik egunean 30.000 ibilgailu igarotzen dira. Intxaurrondotik bikoitza. Nekez irudikatu dezaket eskaini dituzten irudi atseginak saihesbidetik egunean 60.000 ibilgailu pasatzen badira”, azaldu du alkateak.
GI-20 saihesbidearen 10 kilometroak hiribide bihurtzeak 25 milioi euroko gutxieneko aurrekontua izango lukeela dio EH Bilduk. Kopuru hori “oso gutxi” dela uste du Goiak: “Urbanizazio lan handia beharko luke, eta metro koadro bakoitzak izan ohi duen prezioa aintzat hartuta, 25 milioi euro baino gehiago beharko lirateke”. Saihesbidearen eskumena Gipuzkoako Aldundiarena dela gogorarazi du, eta saihesbidearen inguruko proiektu batzuk landu izan direla. Horrekin batera, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren berrikuspenean sartzea ondo egongo litzatekeela esan du.