"Gustatu ala ez, salbuespen egoera batean gaude"
Eneko Goia alkatea Parte Zaharreko bizilagunekin hitz egiteko prest agertu da, terrazen inguruko aferaren harira. Hain zuzen, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak adierazi du alkatearekin haserre daudela, terrazen inguruan “hitza bete ez duelako”. Horren inguruan galdetuta, Goiak adierazi du terrazen ordenantzak artikulu batzuk salbuetsita dituela egun indarrean dauden murrizketa neurriengatik. “Gustatu ala ez, salbuespen egoera batean gaude. Urte eta erdira doa salbuespenezko egoera hori, eta guztiok nahi baino gehiago luzatu da. Ordea, terrazen inguruan harturiko neurria derrigorrezkoa da”, azaldu du alkateak.
Terrazen ordenantza aldatzeko erresoluzioa Goiak berak sinatu zuela gogorarazi du, “baina Bozeramaileen Batzordean denek aho batez onartu zuten”. Ez duena argitu da murrizketak kentzean udalak terrazen jatorrizko ordenantza berreskuratuko duen. Izan ere, auzo elkarteak dio udal gobernuak behin-behineko neurriak behin-betiko izatea onartu nahi duela.