Orixe Ikastolaren ingurua oinezkoentzako izango da
Hilabete barru, Parte Zaharreko Orixe Ikastolaren ingurua oinezkoentzako gune bihurtuko da. Donostiako Udalak Moyua enpresari adjudikatu dizkio eremuko azpiegiturak berritzeko lanak. Aurrekontua 147.796 eurokoa da, eta egingo dituzten lanak hauek dira: eremua birzolatu eta erdiko sestra maila igoko dute, gune guztia maila berean jartzeko.
Udalak 2020ko abenduan hasi ziren eremua oinezkoentzako bihurtzen. Batetik, San Juan eta San Bizente kaleetako ibilgailuen zirkulazioa kendu zuten. Bestetik, Soraluze kalea motorren aparkaleku bihurtu zuten, eta Iñigo kalea zamalanetarako gune bilakatu zen. Proiektu hori 2019ko Partaidetzako Aurrekontuei esker egin zen, Orixe Ikastolara joaten diren ikasleen familiek proposatuta. “Horrela, udalak erantzuna ematen dio ikastetxera joaten diren haurren segurtasuna bermatzeko beharrari, erabilera anitzeko bizikidetza eremu bat sortuz, non oinezkoak erabateko lehentasuna duen”, azaldu du Eneko Goia alkateak.