Zinemaldiaren 70. urteurrenari eskainitako liburua kaleratu dute Nosferatu bilduman
Argitaratu berri da Nosferatu Bildumako azken liburua: Zinemaldia 1953-2022. Singularidades del Festival de Donostia / San Sebastián. Liburua, bildumako 18. zenbakia, Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak argitaratu dute, Quim Casasek koordinatuta, eta Zinemaldiko 70 urteko historiara errepasatzen du. Gaztelera hutsean argitaratu dute liburua.
Donostia Kulturako Josemi Beltranek adierazi duenez, “ez da historia liburu bat, zinemari buruzko liburu bat baizik”. Eta zinemaz hitz egiteko erabiltzen da Zinemaldia, eta bere 70 urteko ibilbidea.
Quim Casas arduratu da koordinazio lanez, eta “hasieratik” argi izan zuen lan honek Zinemaldiaren “berezitasunak” nabarmendu behar zituela: atzera begirakoak, zuzendari berriak, Ness eta Zinea Eraikitzen aipatu ditu, besteak beste.
Donostia Zinemaldiaren zuzendariorde Maialen Belokik adierazi duenez, liburu honen egiteko moduan, Zinemaldiak duen filosofia partekatzen da. Esan duenez, “Zinemaldiaren ekimen guztiak partekatuak dira, eta urte osoan” dira. Euskadiko Filmateka eta Donostia Kulturarekin batera argitaratzea, horren eredua dela ziurtatu du.
Liburuan honakoek parte hartu dute: María Adell Carmona, Ricardo Aldarondo, Juan G. Andrés, Jesús Angulo, Paula Arantzazu Ruiz, Jordi Batlle Caminal, Maialen Beloki, Minerva Campos Rabadán, Quim Casas, Roberto Cueto, Desireé de Fez, Begoña del Teso, Carlos Elorza, Zigor Etxebeste, Joxean Fernández, Carlos F. Heredero, Eulàlia Iglesias, Víctor Iriarte, Violeta Kovacsics, Carlos Losilla, Miguel Marías, Javier Martín, Beatriz Martínez, Ruth Pérez de Anucita, Endika Rey, Sergi Sánchez, Amaia Serrulla, Aida Vallejo eta Nuria Vidal.
Laster dendetan
Zinemaldia 1953-2022 laster egongo da liburu dendetan eskuragarri 20 eurotan. Tabakalerako zinema abonua erosi duten pertsonek liburu honen edo iazko bukaeran argitaratutako Harkaitz Canoren Kandelikara – Buñueli buruzko film baterako apunteak-en liburuaren ale bat eskatzeko eskubidea dute.
Liburua Nosferatu Zinemaldia 70 zikloaren bidelaguna da, joan den urtarrilaren 5ean Tabakaleran hasia, abendu arte luzatuko dena. Bertan, Donostia Zinemaldiaren azken 70 urteko historiako, 40 izenburu inguruko lagin txiki eta bariatu bat ikusi ahal izango da.
Urte amaieran, beste liburu bat argitaratuko da Zinemaldiaz, zikloaren osagarri, Nosferatu Bilduman 10 zenbakikoa, euskaraz eta Katixa Agirrek idatzia.
Nosferatu ‘Zinemaldia 70’ otsaila-martxoa programazioa
- otsailak 2 América, América (America, America; Elia Kazan, 1963)
- otsailak 9 Hamlet (Gamlet; Grigori Kozintsev, 1964)
- otsailak 16 El Dorado (Howard Hawks, 1966)
- otsailak 23 Danzad, danzad, malditos (They Shoot Horses, Don’t They?; Sydney Pollack, 1969)
- martxoak 2 The Touch (Ingmar Bergman, 1971)
- martxoak 9 Vera, un cuento cruel (Josefina Molina, 1973)
- martxoak 16 El desencanto (Jaime Chávarri, 1976)
- martxoak 23 Die verlorene Ehre der Katharina Blum (Volker Schlöndorff, Margarethe von Trotta, 1975)
- martxoak 30 Olyan, mint otthon / Just Like at Home (Márta Mészáros, 1978)