Aldundiak Andia kaleko areto nagusia erosi dio Kutxabanki
Kutxabanken areto nagusia, Andia kalekoa, Erdialdean. Kutxabankek beste ondasun bat saldu berri du: Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Andia kaleko areto nagusia erosi dio. 3,3 milioi euroren truk erosi du aldundiak gunea; 1.036 metro koadro ditu eraikita, hiru solairutan banatuta. Bestalde, 250 pertsonarentzako edukiera dauka aretoak, eta foru jauregiaren egoitzaren ondoan dago, beraz, “ezin hobea” da aldundiarentzat, Eider Mendoza bozeramailearen hitzetan.
“Etorkizuna elkarlanean eraiki nahi dugu, eragileekin eta herritarrekin, eta areto hau horretarako tresna garrantzitsua izango dela uste dugu. Espazioak hitzaldi, ikastaro, laneko bilera eta laborategiak egiteko eta sustatzeko balioko du, eta horietako batzuk lurraldeak dituen arazoak detektatzeko, irtenbideak bilatzeko eta egitasmo berriak esperimentatzeko balioko dute”, gaineratu du Mendozak.


