"Euskal Herrian esklabotzak izan duen garrantzia azpimarratzen du erakusketak"
'Tromelin. Esklabo ahaztuen uhartea’ erakusketa. (Argazkia: Xalba Ramirez) Euskal Itsas Museoan ikusgai da dagoeneko Tromelin uhartean gertatu zen zorigaiztoaren berri ematen duen erakusketa. 1761ean Baionan eraiki zen esklabo itsasontzi baten historia bildu dute ‘Tromelin. Esklabo ahaztuen uhartea’ erakusketan. 160 esklabo garraiatzen zituen barkua, mapan ez zegoen lur zati batekin jo eta hondoratu egin zen, Madagaskarren altueran. Hamabost urte iraun zuten bizirik atera zirenak, kilometro karratu bateko uhartean.
Naufragioan 160 esklabotik 80 bat atera ziren bizirik. Txalupa bat eraikitzea lortu zuten, eta esklabo trafikatzaileek alde egitea lortu zuten, itzuliko zirenaren promesarekin. “Hamabost urte behar izan zituzten promesa hura betetzeko”, esan du Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik. Hamabost urte horien buruan, miseriaz beterik bizirik irautea lortu zuten zazpi emakume eta haur bat geratzen ziren.
Arkeologia eta elkarlana
Uhartean egindako indusketa lanen garrantzia azpimarratu dute museoko ordezkariek. Max Guerot ikerlariak gidatutako ikerketak zazpi urte iraun zuen, “oso baldintza zailetan egin” zela azpimarratu dute. Horregatik, erakusketaren bigarren solairua, ikerketa zientifikoari dago eskainia.
Baionako Museoko zuzendari ohiak, Rafa Zulaikak, erakusketa honetarako egindako elkarlana azpimarratu du. Frantziako Estatuko Nantesko Historia Museoan abiatu zen erakusketa, eta Baionatik igaro ostean Donostiara iritsi da. “Baionan eraiki zen itsasontzia, Ipar eta Hego Euskal Herriko herritarrek eraiki zituzten esklabo barku ugari”.
Esklabotza eta Euskal Herria
Museoak Tromelingo gertakariaren berri ematen duen arren, erakusketak “Euskal Herrian esklabotzak izan duen garrantzia azpimarratzen” duela aitortu dute. “Donostia, adibidez, ez zen izan esklabotzari lotutako hiri bat. Ez behintzat funtsezkoa, Nantesen edo Lorienten izan zen moduan. Baina horrek ez du esan nahi esklabotzarekin harremanik ez zuenik” esan du Alberdik.
Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiaren adibidea jarri du Alberdik. “Burdina saltzen zuten Hego Amerikan, eta handik, kafea eta kakaoa ekartzen zuten. Plantazio horietan, ezin da ahaztu, Afrikatik eramandako esklaboak zirela lan egiten zutenak”.
Getarian egindako aurkikuntza bat ere azpimarratu dute Alberdik eta Zulaikak. Txanponen sorreraren aurretik erabiltzen ziren esklabo salerosketarako besoko mordoa aurkitu baitzen itsasontzi batean. “Horrek ere erakusten du, Euskal Herriak esklabotzarekin lotura bazuela”
Urte osorako erakusketa
Erakusketa 2023ko urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai Museoan, eta sarrera doan izango da.
Jarduerak antolatuko dituzte ere. Lehena, otsailaren 9an, arratsaldeko 19:00etan egingo den bisita gidatua. Pertsonako 3 euroko prezioa izango du eta aldez aurretik izena ematea gomendatzen dute, komunikazioa@itsasmuseoa.eus helbidean edo 943-43 00 51 telefonora deituz.

Getarian topatutako txanpon moduan erabiltzen ziren letoizko uztail multzoa. XVI. mendearen hasiera. (Argazkia: Xalba Ramirez)


