Kaldereroen konpartsa batek eta inude eta artzainen bik Donostiatik desfilatuko dute
Hartu dute erabakia: kaldereroak eta inude eta artzainak ospatuko dituzte aurten Donostian, otsailaren 19an eta 20an. Udalak duela bi aste inguru proposatu zuen jaiak bi aste atzeratzea, aipatu asteburura. Kaldereroen konpartsa batzuek aurten ere ez desfilatzeko erabakia hartu zutela iragarri zuten joan den astean –Amara Berrikoek, primitiboek eta Donosti Berrikoek, adibidez–, baina udalak jakinarazi du badirela proposamena onartu duten konpartsa batzuk, eta beraz, jaiak ospatuko direla.
Kaldereroei dagokienez, Hungariako Kaldereroen Konpartsak onartu du udalaren proposamena, eta hilaren 19an desfilatuko du. Hasiera batean, Antiguako Pilotazaleok konpartsa ere ateratzekoa zen, baina, azkenean, Donostiako Festak erakundeari jakinarazi diote ez dutela desfilatuko.
Inude eta artzainen kasuan, Kresala elkartekoek eta Antiguotarrak Euskal Dantza Taldekoek onartu dute proposamena desfileak mantenduko dituzte. Parte Zaharrean hilaren 20an aterako dira (12:00), eta Antiguan otsailaren 26an (11:30).
Udalak hainbat baldintza jarri dizkie: ospakizunak desfileak egitera mugatuko dira, ezin izango dituzte tabernetan edo bestelako guneetan geldialdiak egin, ezta kanpalekuak sortu ere. Era berean, segurtasun distantzia mantendu beharko dute pertsonen artean eta maskara une oro erabili beharko dute, ahoa eta sudurra tapatuz.