Oihane Otaegi, Mikel Unanue eta curlingaren mundua
(Argazkia: BAT Basque Team) Ostiralean hasiko dira Neguko Olinpiar Jokoak, Pekinen (Txina). Donostiako Oihane Otaegi eta Mikel Unanue curling jokalariak ez dira han izango, sailkatzea lortu ez zutelako. Egindako saiakera bideo erreportaje baten bidez jaso du BAT Basque Team fundazioak. BAT to Beijing erreportaje sortaren Oreinaren pentsaera atalean agertuko dira bi donostiarrak. Igandean emango dute ETB1eko Helmuga saioan. Hona hemen Korima Films ekoiztetxeak egindako erreportajearen aurrerapena.
Otaegik izotzezko patinaje artistikoan egin zituen lehen urratsak, baina lagun batzuek animatuta, 2005ean curlingera pasatu zen bere arreba Leire Otaegirekin batera. Gaur egun, bere entrenatzailea da. Hiru urte geroago, Unanue batu zitzaien, igeriketatik zetorren Otaegiren bikotekideak. Lehenengo urteak egokitzapenean eman zituzten, baina 2015ean maila gorenean lehiatzen hasi ziren.
2018ko urriaren 21ean, Sergio Vezek, Leirek eta Oihane Otaegik eta Mikel Unanuek osatutako taldea txapeldunorde izan zen talde mistoen Munduko txapelketan, finalean Kanadaren aurka galduta. Inflexio puntu garrantzitsua izan zen, eta harrezkero Olinpiar Joko batzuetarako sailkatzeko borroka “obsesio” bihurtu zaie.
2020an Otaegi eta Unanue Espainiako txapeldun izan ziren Jakan (Aragoi), bitariko mistoen kategorian, urtebete lehenago lortutako titulua berretsiz. Arrakasta horri esker, gainera, maiatzaren 17tik 23ra Aberdeenen (Eskozia) jokatu zen modalitateko Munduko txapelketarako sailkatu ziren. Munduko Txapelketak 2022ko Pekingo jokoetarako sarrera ematen zuen, baina ez zuten zorterik izan. Sailkapena lortzeko azken aukera Leeuwardengo (Herbehereak) txapelketa zen, 2021eko abenduan jokaturikoa. Txinan lehiatzeko azken bi postuak banatu ziren, baina ez zuten lortu.
Porrotek arrastoa utzi arren, ez dituzte donostiarren ilusioak suntsitu. Otaegi eta Unanue buru-belarri dabiltza Olinpiar Jokoetan lehiatzeko ametsa betetzeko. Hurrengo helburua garbi dute jada: 2026an Italiako Cortina d’Ampezzon egingo diren jokoetarako sailkatzea.


