Santa Ageda bezperako koplak abestuko dituzte hainbat auzotan
Santa Ageda bezpera heltzear da, eta urteroko legez, tradizioari eutsiko diote Donostiako hainbat auzotan, Santa Ageda bezperako koplak abestera aterako baitira, hilaren 4an, ostiralean. Hain zuzen ere, Antiguako, Amarako, Egiako, Altzako eta Parte Zaharreko kaleetan entzungo dira koplak eta makil kolpeak.
Antiguan, 19:30ean aterako dira Antiguotarrak elkartetik, eta auzoko kaleetatik ibiliko dira. Era berean, ostiralean prest egoteko, entsegua egingo dute gaur bertan, hilaren 2an, elkartean, 19:30ean. Ordu berean aterako dira, baita ere, Amarakoak, Donosti Berri elkartetik abiatuta. Merienda egingo dute lehenengo, eta sabela ondo beteta abiatuko dira, auzoko kaleak alaitzera.
Egian eta Altzan, aldiz, 19:00etan hasiko dira koplak abesten. Egian, Arrano elkartetik abiatuko dira, eta Altzan, San Martzial plazatik, Bizarrain euskara elkarteak eta auzoko bertso eskolak antolatuta.
Parte Zaharrari dagokionez, Kresala elkartekoek abestuko dituzte Santa Ageda bezperako koplak, 19:45ean elkartetik bertatik abiatuta. Ondoren, 20:15ean, geldialdia egingo dute Santa Maria elizan, eta 20:45ean, Konstituzio plazan. 21:30ak aldera amaituko dute, Kresala elkarteko atarian. Era berean, Parte Zaharreko zenbait establezimendutarako eta tabernatarako bertso bereziak abestuko dituzte auzoko kaleetatik. 2022a, gainera, urte berezia da Kresalakoentzat, 50 urte beteko baitituzte estreinakoz Santa Ageda bezperako koplak abestera atera zirenetik; 1972ko otsailaren 4an hasi ziren.