Egoera kaskarra Karlos I.aren etorbideko espaloietan
Karlos I.aren etorbideko espaloietan, seinale batzuk daude lurrean ‘Kontuz’, ‘Ez zapaldu’ eta ‘Arriskua’ diotenak, kaleko mugikortasuna oztopatuz. Bizilagun batek azaldu duenez, fatxadan egindako lanen ondorioz, lurreko kristalak puskatu ziren. Azpian dauden garajeen argi-zuloak dira puskatutako kristal horiek, hain zuzen.
“Langileen zamalanek eta orgarekin egindako garraioek” puskatu zituzten kristalak, “batzuk hondoratu dira eta beste batzuk zartatu”. Bizilagunak esandakoaren arabera, “oso arriskutsua” da oinezkoentzat.
Behin-behinekotasuna zazpi hilabetez
Langileek beraiek estali dituzte zuloak, “behin-behineko” soluzioa emanez. Bizilagunak salatu duenez, ordea, zazpi hilabete daramate fatxadako lanek eta “horrek dakartzan arazoak”. Fatxadako lanak, otsailaren bukaeran amaituko omen dira, eta orduan, “espaloia aldatuko dute”. Karlos I.aren espaloia berdindu egingo da, eta obra berdinaren baitan daude lan hauek.
Bitartean, ordea, mugikortasunarentzat arazoa izaten ari da eta bizilagunak nekatzen hasiak dira. Behin-behinean jarri diren seinaleek zenbat iraungo dutenaren beldur.