Otsailaren 16an eta martxoaren 24an greba egingo du LABek Gipuzkoako helduen egoitzetan
LAB sindikatuak otsailaren 16ko eta martxoak 24ko greba egunetara batzeko deia luzatu du. Hainbat greba eta mobilizazio egin dituzte honezkero zahar etxeetan, eta bi mobilizazio hauekin “egoera iraultzeko” asmoa adierazi dute.
Sindikatuaren ustez “osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan; gehiegizko lan kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, ordu sindikalak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak”.
Urriaren 28ko greba egunean bilera eskaera egin zion sindikatuak Gipuzkoako Foru Aldundiari, helduen egoitzetako egoeraz hitz egin eta “irtenbideak bilatzen hasteko asmoz”. Azaroaren 12an, erantzunik jaso ez zutenez, beste greba egun bat egin zen.
Sindikatuak “zaintza negozio bihurtu dute eta diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa pribatuak izugarrizko irabazi ekonomikoak izaten ari dira gure aiton-amonen zainketa lanaz eta helduen egoitzetako langileen esplotazioaz baliatuz. Hau ez da, beraz, langileon eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat. Guztion eskubidea delako kalitatezko zaintza zerbitzuak jaso edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzea”.
LAB sindikatutik behin eta berriz azpimarratu du egoera hau, zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekaritatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Horregatik, zaintzaren eta Gizarte Zerbitzuen egiturazko eredu aldaketaren beharra mahai gainean jarri nahi du LABek, kalitatezko zaintza sistema publiko komunitario baten bidean.
Bitartean, Gipuzkoako helduen egoitzetako Lan Hitzarmen Kolektiboa eta ratioak zehazten dituen katalogoa egungo egoerara egokitzea izango dira gatazka honi amaiera emateko behin behineko baldintza nagusiak.
Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua dela uste du LABek: “Osasun Larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta Administrazio Publikoari zein patronalari langileek merezi duten errekonozimendu sozial eta ekonomikoa exijitzeko momentua da. Jendartea sentsibilizatzen jarraitu eta borroka sindikalaren bitartez presio soziala biderkatzeko momentua da”.
Mobilizazioen deialdiak:
– Otsailak 11, elkarretaratzeak Gipuzkoako Erresidentzia guztietan.
– Otsailak 14, 10:00etan, auto karabana Domus VI Erresidentziatik.
– Otsailak 16, 11:00etan, manifestazioa Bulebarretik.