50. urtez, Kresalakoak Santa Ageda eskean ibili dira Parte Zaharretik
Berezia izan da aurtengo Santa Ageda bezpera Parte Zaharrean, Kresala elkarteko kantaldiak 50 urte bete baititu; 1972ko otsailaren 4an atera ziren estreinakoz, eta 50. urtez atera dira gaur. 30 bat lagun elkartu dira, eta elkartetik bertatik abiatu dira. Tarteka botatzen zuen euriari aurre eginez, auzoko kaleetan ibili dira, Santa Ageda eskean. San Bizente elizan egin dute hurrengo geldialdia, handik Santa Mariara joan dira, ondoren Konstituzio plazara, eta Kresalara itzuli dira, amaitzeko.
Egian, Altzan, Amaran eta Antiguan ere iluntzean Santa Ageda bezperako koplak abestera ateratzekoak ziren. Era berean, goizean hainbat auzotako haurrek abestu dituzte; hedabide hau Herri Ametsakoekin, Aitor Ikastolakoekin eta Maria Reinakoekin izan da.