Ane Zaldibar ilustratzailearen unibertsoa
Parte Zaharreko Koloreka dendak espazio berri bat estreinatu du: Nebera. Bost metro koadroko leku honetan ikus daiteke artista donostiarraren lagin bat.
2013tik hiriarekin loturiko ilustrazioak eskaintzen ditu Koloreka dendak. Parte Zaharreko San Jeronimo kalean dago, eta harategi bat zegoen lekuan jarri zuten. Aipaturiko ilustrazioak eguneroko bizitzarekin lotuta daude, eta estilo garaikidea dute. Orain, berrikuntza gisara, Nebera espazio txiki bezain deigarria aurkeztu dute.
Dendaren atzealdean dagoen bost metro koadroko espazioa da, normalean biltegi eta tailer gisa erabili izan dutena. “Gure hiriarekiko lotura aztertzen jarraitzeko, oraingoan begirada bertako eszena artistikoan jarri dugu; horretarako, gure espazio txikiaren ateak zabaldu ditugu kulturgintzan diharduten beste sortzaile batzuen lana erakusteko”, azaldu dute. Urtero, otsailean zehar, erakusketa gune bihurtuko da, eta han sortzaile gonbidatuek euren lanak erakutsi eta salgai jarri ahal izango dituzte. Lehen gonbidatua Ane Zaldibar ilustratzaile donostiarra da, dendako lantaldearen parte ere badena.
Zaldibar Arte Ederretan trebatu zen Bilbo eta Sevilla artean. Aldiz, Bartzelonan lizentziatu zen ilustrazioan, 2010ean. Ordutik, hogei bat lan argitaratu ditu, jaialdi espezializatuetan parte hartu du, eta hainbat hedabiderentzat marraztu du. Urtetan egindako ilustrazio lanaren lagina bildu, eta Koloreka dendako Nebera espazioan jarri ditu. Haren unibertsoaren isla da. Bere proposamenak formatu ertaineko hainbat marrazki, collage eta bere argitalpenen aukeraketa bat jasotzen ditu.