GI-20 saihesbidea hiribide bihurtzea proposatu dute
Donostia kanpoaldetik inguratzen duen 10 kilometroko errepidea eraldatzeko proiektua plazaratu du EH Bilduk. 60 hektareako eremuari beste erabilera bat ematearen alde agertu dira.
EH Bilduk hirigintza proiektu esanguratsu bat aurkeztu du. GI-20 saihesbidea hiribide bihurtzeko Bariantea eraldatu proposamena prestatu dute. «Saihesbidea hiribide bihurtuko balitz, orain okupatzen duen espazioaren bi herenak libre geratuko lirateke. Gaur egungo hiru erreietatik bira pasatuz eta erdibitzailea kenduz, 60 bat hektarea libre geratuko lirateke beste erabilera batzuetarako», azaldu dute.
1970eko hamarkadan eraiki zen GI-20 saihesbidea. «Une hartan, arazo guztien irtenbidea zela zirudien, ordura arte hirigunetik pasatzen ziren kamioien zirkulazioa hartuz eta autoz beteta zeuden kale asko lasaituz», adierazi dute. Aldiz, bigarren gerrikoa eraiki zenetik, «zirkulazioa erdira murriztu» zela diote –120.000 motordun ibilgailutik 60.000 ibilgailura–, bere «funtzio nagusia aldatzearekin» batera. «Hala ere, saihesbideak espazio bera okupatzen jarraitzen du. Horrela, eraiki eta ia 50 urtera, eraldaketa baten atarian dago».
Aurrekontua eta epeak
GI-20 saihesbidearen 10 kilometroak hiribide bihurtzeak 25 milioi euroko gutxieneko aurrekontua izango luke, EH Bilduren arabera. Epeari dagokionez, aldagai askoren araberakoa dela dio udal taldeak. «Zuhurra litzateke hamarkada bateko epea aurreikustea eta, oro har, ardatz osoaren garapena belaunaldi bateko proiektu kolektibo gisa ulertzea», esan dute.
Proposamena aurrera eramateko, udal taldeak partaidetza prozesu bat abiatuko du aurten: «Saihesbideak zeharkatzen dituen eremuetako bizilagunen nahiak eta beharrak ezagutzea da xedea». Intxaurrondo, Loiola, Egia, Amara Berri, Altza, Herrera, Aiete eta Añorga auzoetako bizilagunen iritziak jasoko dituzte. Izan ere, EH Bilduren asmoa ez da «proiektu itxi» bat aurkeztea, baina ezta «orrialde huts» bat ere. «Sozialki aurreratuen dauden hirien esperientzia arrakastatsuetatik eta egitasmoaren izaera eraldatzailetik abiatzen gara».
Alkatea, proposamena aztertzeko prest
Eneko Goia alkatea EH Bilduren proposamena aztertzeko prest agertu da, nahiz eta «gabeziak» dituela adierazi duen. Horietako bat da proiekturako udal taldeak aurreikusitako aurrekontua: «25 milioi euro oso gutxi da, urbanizazio lan handia beharko lukeelako». Horrez gain, proposamena Plan Orokorraren berrikuspenean sartzea egokia litzatekeela esan du.