Minbiziak sortzen dituen desberdintasunak agerian jarri nahi dituzte
Gaur, hilak 4, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Horren harira, agerraldia egin du Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak, Loiolako Erriberako minbiziaren aurkako Gune Bizian. Berdinak? izeneko kanpaina aurkeztu du elkarteak, eta horren bidez gaixotasun horren eraginpean dauden pertsonek bizi dituzten desberdintasunak erakusten ditu.
EAEn urtero minbizia gaitza duten 2.527 pertsona etxean bakarrik bizi dira, eta bakardadea garrantzia handiko arazoa dela nabarmendu du elkarteak. Batez ere, adinekoen artean. Gainera, egoera soziolaboralak gaixotasuna baldintzatzen duela gaineratu dute. “Euskadin lan egoera arriskuan dauden pertsonen minbiziaren intzidentzia 1.239koa da: 319 pertsona langabezian daude, 614 autonomoak dira eta 306 bestelakoak”, azaldu dute.
Desberdintasun horiek gertutik ezagutzeko, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan urrian Bularreko Minbiziaren Aurkako Munduko Egunaren harira estreinatu zuen Batzen gaituzten loturak izeneko proiektuari berreskuratu du. “Minbiziak pairatzen duten eta lurraldeko eragile sozialen artean entzuteko guneak sortzea du helburu proiektuak. Oraingoan, Gipuzkoako hainbat herritako minbizia duten pertsonak eta osasun arloko profesionalak bildu dira”.
Elkarteak ematen duen laguntza
Minbiziaren Behatokiaren arabera, 14.666 gipuzkoarrek, bai pazienteek eta bai senideek, laguntza psikosoziala behar izan dezakete. 2021ean, 1.198 pertsona artatu ziren Minbiziaren Aurka Gipuzkoako departamentu psikosozialean, laguntza psikologikoko 6.606 saioren bidez eta 4.962 esku-hartze sozial eginez. “Elkarteak ortopediako materialaren 457 mailegu egin zituen, eta 36 pertsonak jaso zuten elkarteak Donostian duen harrera ostatua. Lehen aipatutako zerbitzuez gain, erretzeari uzteko terapiak, laneko bajak kudeatzeko laguntza eta minbiziaren ikerketa finantzatzen ditu”.
Horrez gain, elkarteak hainbat boluntariotza profil ditu, eta horietan ere laguntzen dute minbizia izateagatik pairatzen duten desberdintasun horiek arintzen. “Elkartean hainbat boluntariotza mota daude, eta horien artean hauek daude: laguntza sostengua ospitaletan, etxetik kanpo oinarrizko kudeaketak egiteko laguntza edo bizilekuan laguntza eta sostengua, besteak beste”, adierazi dute.
Elkarteak eskaintzen dituen zerbitzu eta arreta guztiak doakoak dira. Gipuzkoa osoan sei egoitza ditu: Irunen, Tolosan, Zarautzen, Zumarragan, Eibarren eta Azpeitian, baita Donostiako egoitza probintziala ere. Edozein pertsona joan daiteke informazioa jasotzera aipatutako edozein egoitzatara edo 943 45 77 22 telefonora deituz edo gipuzkoa@contrelcancer.es helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.