Realak minduta eta suminduta utzi du kopa
Finalerdietara sailkatzeko ilusioa zaplazteko batekin desagertu zen, atzo gauean. Realak dena zuen eskura Anoetan, etxean, Betisen kontrako partida bakarrean, txuri-urdinek bertsiorik onena eman behar zuten. Ez zen horrela izan, eta kopatik kanpo geratu zen Reala lau gol jasota (0 eta 4). Emaitza ez zen neurketaren isla izan, baina Andaluziako taldea gehiago izan zen lehen minututik.
Txuri-urdinen hutsak zein gabeziak, eta epaileen erabakiak erabakigarriak izan ziren. Guevara bigun aritu zen Betisen lehen golean. William Carvalhok izkin egin zion arabarrari, pase ona egin eta Juanmik ate barrura bidali zuen baloia. Realeko jokalari ohia amesgaizto bihurtu zen txuri-urdinentzat. Bere garaian Betisi saldu izana gogoratzeko aprobetxatu zuten kazetari eta zale batzuek. Markagailuan atzetik jarrita, txuri-urdinek kostata egin zuten aurrera, baina partida berdintzea lortu zuten. Dena dela, VAR aretoko epaileak Januzajen gola baliogabetu zuen, Oiartzabal kapitaina jokoz kanpo zegoela ebatzi ostean. Oiartzabalek egin zuen goleko pasea. Erabakiak Anoeta sumindu zuen, eta Realeko jokalarien ezina areagotu zuen.
Bigarren zatian, minutu onak izan zituzten txuri-urdinek, baina ez zuten lortu azken metroetan asmatzea. Jokaldi bikain bat egin ondoren, Isaken abagunea zapuztu zuen Rui Silva atezainak, gelditu apartarekin. Banakoa lortzetik, bigarren gola jasotzera pasa zen Reala. Berriz ere Juanmik sartu zuen, berriz ere txuri-urdinen defentsako lan eskasaren ondorioz. Hortik aurrerakoa, nahia eta ezina bihurtu zen. Betisek partida kontrolatu zuen, eta zeharo erabakita uzteko aukerak ederki probestu zituzten. Zalduak egindako penaltia William Josek ez zuen barkatu. Oraindik ere Realeko jokalaria den arren, utzita ari da Andaluziako taldean. Argi dagoena da, ez dela Donostiara itzuliko. Batez ere, gola sartu ondoren ospatu zuen moduarengatik. Laugarren gola, berriz, Aitor Ruibal azkarrak egin zuen kontraeraso baten bidez.
Pasa den sasoian gertatu bezala, Betisek kanporatu du Reala kopatik. Emaitzak eta gertaturikoak eragindako mina arintzeko modua topatu beharko dute txuri-urdinek. Izan ere, kopako ibilbidea bukatu da, baina ez denboraldia. Liga eta Europa liga zain dituzte.