XII. Boulder txapelketa herrikoia antolatu dute Pio Barojan
Fortuna Kirol Elkarteak, XII. boulder txapelketa antolatu du Pio Barojan, otsailaren 27an. Txapelketa honen bitartez Fortunaren helburua eskalada bultzatzea da, “bere zentzu herrikoienean”, eta edonori parte hartzeko aukera emango zaio txapelketan.
Ikuspegi “ireki eta herrikoi honetatik, modalitate hau eskalada klasikoa baino askoz erakargarriagoa” dela uste du Fortuna Elkarteak, “eskaladan lehen urratsak eman nahi dituenarentzat eta, aldi berean, ikuslearentzat”. Eskalada maila ezberdinetako bide hautaketa dago, hastapenetan dabilenarentzat edota trebakuntzarik ez duenarentzat, eta partaideek ez dute mugarik izango, nahi adina bloketan saiatu ahal izango baitira.
Lau txanda izango dira, eta txanda bakoitzean 40 parte hartzaile izango dira, denera 160 parte hartzaile. Txandak ondorengoak izango dira: 9:00-10:30, 10:30-12:00, 12:00-13:30 eta 13:30-15:00.
Finalik gabeko sistema
Zailtasun ezberdineko 20-25 bloke izango dira. Parte hartzaile bakoitzak bere txanda izango du, ahalik eta bloke gehien eskalatzea lortzeko. Norberak apuntatuko ditu lortu dituen blokeak eta azpimarratu dute, ez dela finalik egongo. Txanda guztiak amaitzean sailkapena online jarriko da.
Izen ematea 12 eurokoa da eta opari gisa izen emandako guztiek txapelketako kamiseta bat jasoko dute. Parte hartzaile guztien artean, eskalada materiala eta beste sari batzuk zozkatuko dira.
Izen ematea zabalik da Fortunaren webgunean.