Udalak abiadura moteltzeko seinaleak jarriko ditu Martutenen
Arantzazuko Ama ikastolako guraso elkarteak bere eskaera nagusiari eutsiko dio; eskolaren ingurua oinezkoentzako bihurtzea.
Pasa den ostiralean bilera egin zuten Donostiako Udalak, Arantzazuko Ama ikastolak eta guraso elkarteak. Urtarrilaren 24ko auto istripua izan zuten hizpide, Martuteneko auzotarrengan kezka areagotu zuelako. Gertaturiko aztertu eta segurtasuna bermatzeko neurriez aritu ziren bileran.
Udalak ikastolari eta guraso elkarteari adierazi zion Martutene pasealekuan seinaleak jarriko dituztela ibilgailuen abiadura moteltzeko. Seinaleak ez ezik, abiadura neurtzeko semaforo bat eta eskola ondoan hesi bat jarriko dituzte. Udalak ez zuen eperik zehaztu aipaturiko guztia aurrera eramateko.
Guraso elkarteak udalari eskatu zion eskolaren ingurua oinezkoentzako bihurtzeko. Ordea, erantzun zieten hori “ezinezkoa” dela. Horretarako, zirkulazioa Tranbia kaletik bideratu beharko litzateke, eta hori ez dela posible nabarmendu zuen udalak. “Horrekin ez gaude ados, eta gure eskaerarekin aurrera egiteko asmoa dugu. Eskolako ingurua oinezkoentzako izatea nahi dugu. Gure artean elkartu nahi dugu eman beharreko pausoak aztertzeko”, adierazi du guraso elkarteak.