Ulia pasealekuko lanak uda aurretik bukatuta egongo direla dio udalak
Ulia pasealekuko 124. zenbakiko etxebizitza atzeko mendi magalak hainbat luizi jasan ditu azken urtetan. Hirugarrena iazko irailean izan zen, eta tamaina handiko arroka batek “oso gogor” jo zuen etxearen kontra, bizilagunek hedabide honi adierazi ziotenez. Donostiako Udalak errepidea konpontzeko proiektua 2021eko maiatzean onartu zuen, eta orduan bi hilabeteko epea ezarri zuten lanak egiteko. Ordea, ordutik hilabete asko pasa dira, eta obrarik ez dute egin.
Bihar, Tokiko Gobernu Batzordeak Uliako mendi magala konpontzeko lanak adjudikatuko ditu. Iazko maiatzean 91.709 euroko aurrekontuarekin onartu zuten obra. Ordea, oraingoan Zubieder enpresari adjudikatuko dizkiote lanak 84.000 euroren truke. Lanak egiteko epea bi hilabetekoa izango da, eta, horregatik, udalak aurreikusten du uda aurretik bukatzea lanak.
Miguel Angel Diez Hiri Mantentze Lanetako zinegotziak Diario Vasco egunkariari eman dizkio xehetasunak. “Albiste ona da, 112 zenbakian bizi diren bizilagunei errepidea erraztuko dielako. Itzulinguru bat egin behar izaten dute etxera iristeko”, adierazi du Diezek. Horrekin batera, lizitazioa “premiazkotasunarekin” egingo dutela gaineratu du, epe administratiboak laburtzeko. Gogoratu behar da, udalak iazko maiatzean onartu zituela lanak.
Obra aurrera eramateko, luizien bidez eroritako materiala erretiratu behar dela dio Diezek. Horrekin batera, bide bat erraztuko dute mendi magalaren alboan lan egiteko. Hain zuzen ere, horma bat eraikiko dute mendi magalari eusteko. Hamabi metroko zabalera eta hiru metroko altuera izango du. Era berean, errepidearen zabalera berreskuratzeko lanak egingo dituzte.