Martuteneko seinaleak "ahalik eta azkarren" jarriko dituztela esan du Eneko Goiak
Urtarrilaren 24an Martutenen gertaturiko istripuaren harira, udalak eremuan segurtasuna indartzeko neurriak hartuko ditu. Horrela baieztatu du gaur Eneko Goia alkateak, Tokiko Gobernu Batzordeko osteko prentsaurrekoan. Pasa den ostiralean, bilera egin zuten Donostiako Udalak, Arantzazuko Ama ikastolak eta guraso elkarteak. Udalak ikastola ondoko errepidean abiadura moteltzeko seinaleak jarriko ditu. Hori “ahalik eta azkarren” egitea aurreikusten dute, Goiak jakinarazi duenez.
Aipaturiko bileran, guraso elkarteak udalari eskatu zion eskolaren ingurua oinezkoentzako bihurtzeko. Ordea, erantzun zieten hori “ezinezkoa” dela. Horretarako, zirkulazioa Tranbia kaletik bideratu beharko litzateke, eta hori ez dela posible nabarmendu zuen udalak. “Horrekin ez gaude ados, eta gure eskaerarekin aurrera egiteko asmoa dugu. Eskolako ingurua oinezkoentzako izatea nahi dugu. Gure artean elkartu nahi dugu eman beharreko pausoak aztertzeko”, adierazi du guraso elkarteak.